Koronabirusak TTIPI-TTAPAren eguneroko martxan ere eragin zuzena izan du. Joan den martxoaren 16tik lantaldeko gehienak etxetik ari dira lanean, aldizkaria prestatzen eta ERRAN.EUS atarian, bertzeak bertze, Covid-19aren inguruko berriei jarraipen berezia egiten. Gainera, inoizko bisita kopuru handiena izaten ari da egunotan webgunea. Aldizkariari dagokionez, apirilaren 2ko datari dagokion 755. zenbakia ez da paperean argitaratu baina hemen deskargatu eta zuen sakeleko telefonoetan, tabletetan edo ordenagailuetan irakurtzeko aukera duzue dagoeneko.
Konfinamendu egoeran ere, paperezko edizioarekin ere lanean segitu du TTIPI-TTAPAko lantaldeak, baina bi astetik behin 6.000 bat etxetara bidaltzen den aldizkaria banatzeko ezintasunaren aitzinean –Correosek Hego Euskal Herrian eta La Postek Ipar Euskal Herrian ez dutela banatuko adierazi dute– eta etxez etxe aldizkaria banatzen duten guztien segurtasuna bermatzeko, apirilaren 2ko aldizkaria paperean ez inprimatzea erabaki du TTIPI-TTAPAk. 40 urteko historian lehenbiziko aldiz ez da paperezko TTIPI-TTAPArik izanen. Hori bai, harpidedunek eta aldizkariko edukiak leituz gozatu nahi duten gainerako guztiek eskura dute aldizkaria, harpidedunek e-mailez jasoko dutelako eta gainerakoek ERRAN.EUS atarian dutelako. Online ikusi edo deskargatzeko aukera izanen dute. Gauden egoera honetan, erabakia ulertuko duzuela espero dugu.
Luze gabe berriz paperezko aldizkaria esku artean izanen dugulakoan gaude. Halaxe nahi genuke behintzat. Bitartean, lanean segituko dugu, gure eskualdeko herri eta bazterretako berriak zuen etxetaraino eramateko ahaleginean. Zaindu eta eutsi goiari. Eta bide batez, eskerrik asko TTIPI-TTAPAren bidelagun izateagatik!
Erran.eus atarian informazio eguneratua
Koronabirusa dutenen eta gainditu dutenen testigantzak, gaixotasunari lotutako berriak, etxean konfinatzeko aginduaren ondorioz aldi baterako lana utzi dutenei egindako elkarrizketak, etxean gelditu direnen bideoak eta irudiak, etxean egiteko ariketak, aholkuak, bertzelako ekarpenak... Gisa batera eta bertzera, Covid-19ari lotutako jarraipen berezia egiten ari da ERRAN.EUS ataria eta bisita aldetik emaitza onak jasotzen ari da, inoizko daturik onenak. Joan den urtetik honat %149,8 hazi da bisita kopurua eta aurten, urtea hasi denetik %60,1. Martxoaren 12an koronabirusaren lehebiziko berriak sartzen hasi zenetik, berriz, %20 hazi da webguneko erabiltzaileen kopurua. Eskerrik asko, beraz!