TTIPI-TTAPAk ez du apirileko lehenbiziko aldizkaria paperean inprimatuko

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 25a, 13:00

Koronabirusak TTIPI-TTAPAren eguneroko martxan ere eragin zuzena izan du. Joan den martxoaren 16tik lantaldeko gehienak etxetik ari dira lanean, aldizkaria prestatzen eta ERRAN.EUS atarian, bertzeak bertze, Covid-19aren inguruko berriei jarraipen berezia egiten. Gainera, inoizko bisita kopuru handiena izaten ari da egunotan webgunea.

Koronabirusa dutenen eta gainditu dutenen testigantzak, gaixotasunari lotutako berriak, etxean konfinatzeko aginduaren ondorioz aldi baterako lana utzi dutenei egindako elkarrizketak, etxean gelditu direnen bideoak eta irudiak, etxean egiteko ariketak, aholkuak, bertzelako ekarpenak... Gisa batera eta bertzera, Covid-19ari lotutako jarraipen berezia egiten ari da ERRAN.EUS ataria eta bisita aldetik emaitza onak jasotzen ari da, inoizko daturik onenak. Joan den urtetik honat %149,8 hazi da bisita kopurua eta aurten, urtea hasi denetik %60,1. Martxoaren 12an koronabirusaren lehenbiziko berriak sartzen hasi zenetik, berriz, %20 hazi da webguneko erabiltzaileen kopurua. Eskerrik asko, beraz!

Konfinamendu egoeran ere, paperezko edizioarekin ere lanean segitu du TTIPI-TTAPAko lantaldeak, baina bi astetik behin 6.000 bat etxetara bidaltzen den aldizkaria banatzeko ezintasunaren aitzinean –Correosek Hego Euskal Herrian eta La Postek Ipar Euskal Herrian ez dutela banatuko adierazi dute– eta etxez etxe aldizkaria banatzen duten guztien segurtasuna bermatzeko, heldu den astean argitaratzekoa zen aldizkaria paperean ez inprimatzea erabaki du TTIPI-TTAPAk. 40 urteko historian lehenbiziko aldiz ez da paperezko TTIPI-TTAPArik izanen. Hori bai, harpidedunek eta aldizkariko edukiak leituz gozatu nahi duten gainerako guztiek eskura izanen dute aldizkaria, harpidedunek e-mailez jasoko dutelako eta gainerakoek ERRAN.EUS atarian izanen dutelako. Online ikusi edo deskargatzeko aukera izanen dute. Gauden egoera honetan, erabakia ulertuko duzuela espero dugu.

Luze gabe berriz paperezko aldizkaria esku artean izanen dugulakoan gaude. Halaxe nahi genuke behintzat. Bitartean, lanean segituko dugu, gure eskualdeko herri eta bazterretako berriak zuen etxetaraino eramateko ahaleginean. Zaindu eta eutsi goiari. Eta bide batez, eskerrik asko TTIPI-TTAPAren bidelagun izateagatik!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun