Kamioientzako bidesariak ezarriko dituzte N-121-A errepidean

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 11a, 13:42
A-15ean dagoen kamioientzako bidesaria.

Hala iragarri du Nafarroako Gobernuak, «disuasio» neurri gisa. Gisa honetara, N-121-A errepidean dabilen trafiko astuna erregulatu nahi du.

Horrekin batera, Europar Batasuneko politikekin bat eginez, treneko garraioa indartzeko lanean ari direla adierazi du Gobernuak eta horrek «epe labur eta ertainean kamioien kopurua murriztuko duela» azpimarratu du.

Gainerakoan, bertze neurri batzuk ere iragarriak ditu: hiru erreiko zatietan aitzineratzeak noranzko bakarrera mugatu ditu, radar finkoak ere ezarriko ditu bereziki Ezkabako tunelen eta Burutain artean eta Bera eta Endarlatsa artean. Kontrol gehiago ere paratuko dituzte eta Berako harrobiaren eta Endarlatsaren artean proiektu pilotu bat martxan paratzekotan dira, kameren eta teknologia artifizialaren bidez, bidea denbora errealean behatuz eta gidarien jokamoldeak aztertuz.

Gisa berean, kontzientziazio kanpainak ere sustatuko ditu eta seinaleztapena hobetzeko asmoa iragarri du Gobernuak. Pintatutako zatiaren zabalera 0,10 metrokoa izatetik 0,15 metrokoa izatera pasatuko dela ere jakinarazi du eta hainbat tokitan bide-zorua berrituko duela. Tuneletako argiztapena hobetuko duela ere adierazi du.

2+1 motako errepide bihurtzeko asmoarekin ere aitzinera segitzen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun