N-121-A

«N-121-A: konponbideekiko konpromisoa (edo arduragabekeriaz jokatzea)»

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 9a, 10:34

N-121-A errepidearen inguruko herrietako 25 alkatek, tartean eskualdeko 18k, Jabier Remirez eta Bernardo Ziriza Nafarroako Gobernuko kontseilariek egindako idatziari erantzun diote.

«Remirez eta Zirizaren idatzia iritzia publikoa neutralizatzeko saiakera bat izan da»

Joan den martxoaren 1ean, Jabier Remirez Apestegia Nafarroako Lehen Lehendakariorde eta Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Kontseilariak eta Bernardo Ziriza Perez Lurralde Kohesiorako Kontseilariak nolabaiteko harridura sortu zigun prentsa artikulu bat argitaratu zuten Nafarroako idatzizko hainbat hedabidetan. Gure ustez, iritzi publikoa neutralizatzeko saiakera bat izan da, egunetik egunera ulertzen zailagoa eta justifikatzeko are zailagoa den zerbaiten aitzinean. Enpatiaz, lanaz, zorroztasunaz, konpromisoaz eta kostu-eraginkortasun ratioaz hitz egiten digute, zalantzarik gabe, hitz hagitz potoloak denak. Erraten digute, halaber, ez direla eroriko inprobisazioan, diskurtso errazean, edo demagogian. Hala ere, ez dute aukerarik galtzen beraien erantzukizunak bertzeen teilatuetan kokatzeko.

«Alde batetik, zorroztasunez hitz egiten dute, eta bertzetik, eskuak garbitzen dituzte ardurak bertzeei banatuz, 2+1a irtenbide hoberena dela saltzen saiatuz»

2+1a defendatzen dute N-121- A errepidearen irtenbide gisa, aldi berean, aitzineko legegintzaldietako gobernuek hartutako erabaki teknikoen emaitza dela erranez (ausardia falta agerian gelditzen da). Alde batetik, zorroztasunaz hitz egiten dute, eta bertzetik, eskuak garbitzen dituzte ardurak bertzeei banatuz, 2+1a irtenbide hoberena dela saltzen saiatuz. Azken hau UPNren gobernuak 2014an egindako azterketatik ondorioztatu dute. Lan honi 'Iruñea-Behobia «interes orokorreko» N-121-A errepidearen funtzionamenduari buruzko azterketa teknikoa' deitu zioten. («Interes orokorreko» kakotx artean paratzen dugu grazia egiten digulako adierazpen honek). Zer izanen litzateke hola izanen ez balitz...

Berehala adierazi dute obrak udan lizitatu eta urte amaieran hasiko direla, baina noiz bukatuko diren ez digute erraten (ausardia falta berriz). Gobernua 62 kilometroak ahalik eta azkarren egokituta izateko lanean ari dela erratera mugatu dira. Kontuan izan behar dugu, adibidez, 2013an Uharteko saihesbidea onartu zela eta oraindik ez direla eraikitzen hasi ere. Aurrekari honekin, 2+1 proiektu honekin zer espero dezakegu? 2017ko apirilean onartu zen, eta 2020ko apirilean deus mugitu gabe egonen da. Pentsatzeak bakarrik dar-darka jartzen gaitu.

«2+1 proiekturako kalkulatutako 70 milioietatik, milioi bat baino ez dago, Gobernuak iragan urtarrilean iragarritako gastua, hain zuzen ere»

Bertzetik, komeni da azpimarratzea iragartzen ari diren obrak lehen zatirako direla soilik, eta horretarako gaur egun ez dagoela aurrekontu-partidarik ere. Kalkulatutako 70 milioietatik, milioi bat baino ez dago, Gobernuak iragan urtarrilean iragarritako gastua, hain zuzen ere.

Prozesuaren izaera parte-hartzailea aditzera ematen dute, baina udalek gai horiek kudeatzeko etengabeko ahaleginak egin arren, oraindik ez dute ebatzi partikularrek nahiz udalek aurkeztutako 485 alegazioetatik bakarra ere.

Epe motzeko hainbat neurri ere aipatu dizkigute, eta bada horien guztien gainetik nabarmentzen den bat: tunelen argiztapena hobetzea! Benetan kezkatzen al dituzte tunelek?

«Ez Belatek, ez Almandozek, ez Oieregik, ezta Sunbillak ere ez dute betetzen tunelen Europako segurtasun araudia»

Orduan hitz egin diezaiogun jendeari tunelei buruz. Ez Belatek, ez Almandozek, ez Oieregik, ezta Sunbillak ere ez dute betetzen Europako segurtasun araudia. Lehenengo biak, Sustapen Ministerioaren arriskuen analisiengatik, arrisku handiko tuneltzat joak dira. Badakizue zergatik? Horien kalifikazioa (bertzeak bertze) haiek zeharkatzen dituzten kamioi edo ibilgailu astunen arabera baloratzen delako. Erraza ulertzeko: zenbat eta kamioi gehiago arrisku handiagoa eta orduan eta kamioi gutxiago kalifikazio hobea, arrisku gutxiago, alegia.

Oieregi eta Sunbillako tunelek, egokitze lanen ondotik, azterketa berriak pasa behar dituzte. Eta ezin dugu ahaztu lau tuneletan merkantzia arriskutsuak igarotzeagatik egin beharreko derrigorrezko arrisku azterketak egiteke daudela oraindik.

Belateko eta Almandozeko tunelak legez kanpokoak eta arriskutsuak izanen dira 2025. urtera arte, data hori aurreikusi delako tunelak bikoizteko epe bezala. Horrek erran nahi du horiek zeharkatzen jarraitu beharko dugula, bertze bortz urtez, Nafarroako Gobernua jakitun izanik ez dituztela beharrezko segurtasun-neurriak betetzen. Ez ditugu inondik inora ikusten zuek aipatzen dituzuen zorroztasun eta kostu-eraginkortasun ratioak. Tunelak bikoiztea (eskura ez dauden bertze 100 milioi euro) noiz planteatzen da? Justu eta ustekabean Kanpo Arazoetako Ministerioak, Nafarroari, Europar Batasunak igorritako ez-betetze espediente bat luzatzen dionean. Horrek pentsarazi digu gehiago egiten dutela zigorren beldurragatik, arriskuen prebentzioagatik baino.

Hori dela eta, Nafarroako Gobernuaren erabakia da (momentuz) nazioarteko trafiko astuna Leitzarango autobidera edo A-15era ez desbideratzea. Erabaki hori N-121-A errepidearen gorabehera aldakorren arabera berrikus daitekela erraten digute... Azken adierazpen horrek haserretu egiten gaitu.

Zeren zain daude? Zeren beldur dira?
Gogorarazi nahi dizuegu joan den urtarrilaren 30ean parlamentuak mozio bat onartu zuela talde politiko guztien aldeko botoarekin, Navarra Sumarena izan ezik, abstenitu egin baitzen. Mozio horretan gobernuari eskatu zaio «azter ditzala, bere zerbitzu juridikoen bidez, N-121-A errepidetik ibilgailu astunen zirkulazioa murrizteko edo mugatzeko hartu beharreko neurri posibleak, segurtasuna areagotzeko eta bide horretako ezbehar kopurua murrizteko helburuarekin». Iruñea Irunetik pasatuz Frantziarekin lotzen duen errepidea alegia,

Urtarrilaren 28an Nafarroako jauregian egindako bileran, mahai gainean jarri zuten egindako azterketek adierazten zutela 2019. urtean hilkortasunak beheranzko joera izan zuela, eta horrek zaildu egiten zuela neurriaren justifikazio juridikoa. 2020ko lehen bi hilabeteetan «bidearen gorabehera aldakorrek» joera iraultzea eragin dute. Bi hilabetetan iaz baino hildako gehiago izan dira. Eta orain zer?

«Administrazioaren edozein jarduera murriztailek arrazoituta egon behar duela gogorarazi digute. Gutxi iruditzen al zaizue Belateko eta Almandozko tunelak  trafiko astunak berak arriskutsu bihurtzea?»

Gogorarazi digute administrazioaren edozein jarduera murriztailek behar bezala arrazoituta egon behar duela, bertzela, arbitrariotasunean eroriko bailitzateke. Motibazio eta arrazoi gutxi iruditzen al zaizue Belateko eta Almandozko tunelak oso arriskutsu bihurtzea trafiko astunak berak?

Azken lau urteetan gertatutako istripu hilgarrien arrazoiak aztertu ondotik, Foruzaingoaren polizia txostenek erantzukizunetik salbuesten dituzte kamioiak. Kontu jakina da heriotza eragin duten istripu gehienetan kamioiak inplikatuak egon direla. Hildakoak izan diren azken hiru istripuetan, adibidez.

Egia da beren erru bakarra leku desegokian adierazitako unean egotea izan zela, baina hori da kontua, hor daudela, arriskutsuak direla eta gehiegi direla.

«Haien hitzetatik ondoriozta daitekeenez, egunean 3.000 kamioi baino gehiago ibiltzeak ez du zerikusirik errepide hori Nafarroako ezbehar eta hilkortasun handienekoa izatearekin; hala bada, Nafarroako gidari txarrenak garelako baizik ez da»

Haien hitzetatik ondoriozta daitekeenez, egunean 3.000 kamioi baino gehiago ibiltzeak ez du zerikusirik errepide hori Nafarroako ezbehar eta hilkortasun handienekoa izatearekin; hala bada (hala da), Nafarroako gidari txarrenak eta zuhurtziagabekeria handienekoak garelako baizik ez da.

Gure ustez, beraien estatistika hotzetara mugatzea bide baten errealitatea ikusi nahi ez izatea da, zeinak, horretarako batere prestatuta egon gabe, egunean milaka ibilgailu astunen joan-etorria jasaten baitu, eta horrek eragin eztabaidaezina du gainerako erabiltzaileen jokabidean.

Parte hartzen dugun foroetan errepikatzen dugun bezala, ez ditugu kamioilariak salatzen. Inola ere ez ditugu errepide honetatik zirkulatzeak dakarren arriskuaren erantzule egiten (bertatik dabilen edonori baino gehiago), are gehiago, gehienak profesional bikainak direlako ez balitz, errepide hau benetako erokeria izanen litzateke. Hala ere, eta errepide honetan erabiltzaile guztien segurtasuna ahalik eta gehien bermatzen ez den bitartean, merkantzien nazioarteko trafikoa desbideratzeko beharra azpimarratzen jarraituko dugu. Gure betebeharra da.

«Ez dugu hagitz ongi ulertzen inguruko garraiolari batzuek erakutsi duten erresistentzia, neurri horrek ez dielako inola ere eragiten»

Bertzalde, ez dugu hagitz ongi ulertzen inguruko garraiolari batzuek erakutsi duten erresistentzia, neurri horrek ez dielako inola ere eragiten; izan ere, une oro aipatu izan dugu murriztu beharko litzatekeena Nafarroan jatorria eta helmuga ez duten merkantzien nazioarteko zirkulazioa dela, bertze aukera bat dutelako, A-15 autobidea, alegia.

Neurri erraza, administrazioak bere gain har ditzakeen kostuekin, eta azkar betearazi ahal dena borondatea egonez gero. Eta hagitz kontuan hartzekoa: funtzionatzen ez badu, lehengora bueltatzeko aukera hor dagoela.

«Izan zaitezte ausartak eta has zaitezte inguruan jatorririk eta helmugarik ez duen nazioarteko merkantzien trafiko astuna Leitzarango autobidetik desbideratzen, horretarako eraiki baitzen. Edo ez?»

Badakigu gobernu honek herentzia historiko honekin topo egin duela, eta, beraz, ezin diegu erantzukizun osoa egotzi, baina beren esku dute egunero erabiltzen duten milaka erabiltzaileen larritasunarekin amaitzeko lehen urratsak ematea, eta, bereziki, zuzeneko eragina duen Nafarroako 29 udalerrietako biztanleena. Izan zaitezte ausartak eta has zaitezte inguruan jatorririk eta helmugarik ez duen nazioarteko merkantzien trafiko astuna Leitzarango autobidetik desbideratzen, horretarako eraiki baitzen. Edo ez?

Iritzi artikulua sinatu duten alkateak

Juankar Unanua (Igantzi), Ladis Satrustegi(Lesaka), Amets Inda (Sunbilla), Pedro Lezaun (Ezkabarte), Martin Pikabea (Ultzama), Joseba Otondo (Baztan), Mari Carmen Lizoain (Olaibar), Dabid Iturria(Arantza), Jon Telletxea (Beintza-Labaien), Aitor Elexpuru (Bera), Miguel Mari Irigoien (Etxalar), Xanti Uterga (Doneztebe), Ernesto Dominguez (Zubieta), Jabier Bereau (Ituren), Esther Lakasta (Basaburua), Natalia Rekarte (Donamaria), Miguel Angel Larraioz (Anue), Ane Otxandorena (Elgorriaga), Jaione Zabalo (Ezkurra), Alfredo Arruiz (Uharte), Isabel Baleztena (Lantz), Iñaki Estanga (Eratsun), Josu Zozaia (Urroz), Ugutz Zelaieta (Oiz) eta Andres Etxenike (Bertizarana).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun