Joan den ortziralean Beran egindako errepide mozketa arrakastatsuaren ondotik, mozketa gehiago eginen dituztela iragarri dute eskualdeko alkateek, eta horietan hurrengoa martxoaren 13an, ortziralea, Uharte-Iruñean eginen dute. Hala iragarri zuten Berako mobilizazioan alkateek. Horrekin batera, aste honetan Txibiteri bilera eskatuko diotela jakinarazi zuten. Alkate guztien izenean Juankar Unanua Igantziko alkateak –euskaraz– eta Mari Carmen Lizoain Olaibarko alkateak –gaztelaniaz– solas egin zuten.
«Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutakoaren arabera, segurtasunagatik, trafikoa arintzeko helburuarekin edo ingurumen arrazioengatik administrazio eskudunak ibilgailu astunei bidea itxi edo murriztu ahal izanen die».
Alkateak
«Herritarren segurtasuna interes ekonomikoaren gainetik jartzeko» eskatu zioten Anue, Arantza, Baztan, Basaburua, Beintza-Labaien, Bera, Bertizarana, Donamaria, Doneztebe, Elgorriaga, Eratsun, Etxalar, Ezkabarte, Ezkurra, Igantzi, Ituren, Lantz, Lesaka, Odieta, Oiz, Olaibar, Saldias, Sunbilla, Uharte, Ultzama, Urdazubi, Urroz, Zubieta eta Zugarramurdiko alkateek Nafarroako Gobernuari eta «ez jatorria ez helmuga ez duen salgaien nazioarteko garraioa premiaz desbideratzeko» eskaera berretsi zuten: «trafikoa arintzeko helburu bakarrarekin eta bertze neurri gehigarri batzuekin batera errepide horretako ezbehar-tasa eta heriotza-tasa murrizteko». Bide horretan, Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak 2020ko urtarrilaren 23an argitaratutako Estatuko Aldizkari Ofizialean bildutakoa gogora ekarri zuten: «bertan adierazten denez, segurtasunagatik, trafikoa arintzeko helburuarekin edo ingurumen arrazoiengatik administrazio eskudunak ibilgailu astunei bidea itxi edo murriztu ahal izanen die».
Onartu zutenez, «eskatzen dugun neurriak ekarriko dituen ondorioak hainbat sektore kaltetuko ditu eta egoera horrek ere kezkatzen gaitu». Baina «ondorio horiek ahalik eta gehien minimizatzeko formulak bilatzea bertze eragile batzuen zeregina da», azpimarratu zuten. Horri erantzunez, honela adierazi zuten alkateek: «Ezin dugu onartu herritarren bizitzak jokoan jartzea, neurriak kaltetuko lituzkeen sektoreen lasaitasuna bermatuz». Hala, galdera luzatu zioten Nafarroako Gobernuari: «lehentasuna emanen al dio herritarren segurtasunari ala interes ekonomikoei men eginen die?».