Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Mikel Manzano eta Xabier Tabernaren senideak eta inguruko udaletako alkate eta ordezkariak hartu ditu gaur. Mikel Manzano eta Xabier Taberna hilaren 11n hil ziren N-121-A errepidean, Olague parean. Gaurko bileran, errepide horretan «ezbeharrak murrizteko premiazko neurriak» hartzeko beharra planteatu dute, autobia moduan edo 2+1 moduan egin daitezkeen epe luzeko konponbideetatik haratago. Ortzeguneko plenoan gai honetaz ariko dira Parlamentuan.
Ildo horretatik, Unai Hualdek parlamentuko talde parlamentarioekin harremanetan jartzeko aukera eman du, ahalik eta lasterren egokitzat jotzen diren ekimenak planteatzeko eta aztertzeko lan-saioa egin ahal izateko.
Juan Carlos Unanua, Igantziko alkateak eskerrak eman dizkio Parlamentuko lehendakariari, jarrera ona duelako, eta nabarmendu du beharrezkoa dela «odoluste hau lehenbailehen gelditzea. Dagoeneko berandutzerik onartzen ez duen gizarte-arazo baten aitzinean gaude».
Nafarroako Parlamentuan egindako bileran parte hartu dute, bertzeak bertze, Bera, Lesaka, Igantzi, Arantza, Etxalar, Ezkabarte eta Doneztebeko alkateek eta Baztan eta Anueko udal karguek.
Mikel Manzano eta Xabier Taberna, 21 eta 19 urteko Donostiako eta Igantziko bizilagunak, hurrenez hurren, Olagueko saihesbidean hilaren 11n gertatutako trafiko istripu batean hil ziren. Kamioi bat eta lau auto zeuden ezbeharrean, bertze bortz lagun zauritu ziren.