«N121A errepideak konponbidea behar du, lagundu faborez»

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 17a, 12:54

Mikel Manzano, Naiara Manzano eta Arantxa Altuna, joan den larunbateko istripuan hil zen Mikel Manzano Altunaren aita, arreba eta ama. Argazkia: Euskadi Irratia.

Joan den larunbatean Olagueko auto istripuan hil zen Mikel Manzano Altuna donostiarraren gurasoek eta arrebak  halaxe adierazi dute gaur goizean Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Nafarroako Arartekoari bilera eskatu diotela eta eskualdeko udaletara ere idatzia bidali dutela jakinarazi dute, «laguntza eskatuz». Manzanorekin batera autoan zihoan 19 urteko Xabi Taberna Telletxea igantziarra hil zen.

Gazte donostiarraren aita, Mikel Manzano, Arantxa Altuna ama eta Naiara arreba izan dira Euskadi Irratiko Faktoria saioan eta berriz halakorik gerta ez dadin errepide horri konponbidea aurkitzeko eskatu dute. Nafarroako Arartekoari bilera eskatu diotela adierazi du aitak, eta bilera edukitzeko prest daudela erranez erantzun omen diote. Inguruko udaletxeetara ere idatzi dute, «laguntza eskatuz». 

Errepide horretan «soluzioak asko» izan daitezkeela uste dute, baina berehalako neurri gisa, Behobian eta Iruñean orain plastiko beltzez estalita dauden bide-seinaleak bistaratzeko eskatu dute. Belate eta Almandozko tuneletako obren garaikoak dira seinale horiek; horien bitartez, ibilgailu astunen trafikoa murrizteko txandakako pasabidea arautu zuten, egun batzuetan matrikula bikoitia dutenei bidea irekiz eta bertzeetan bakoitia dutenei.

«Presio ekonomikoaz» ere mintzatu da aita Euskadi Irratian. «Presio ekonomikoagatik ez da ezer egiten». N-121-A errepidean dagoen trafiko handiarekin, Ogasunak diru-sarrera handiak jasotzen dituela eta, horrek «merezi» duen galdetu du Manzanok eta Nafarroako Gobernuari luzatu dio mezua: «zergen bitartez irabazi handiak jasotzen ditu Ogasunak egunero, baina bitartean jendea hiltzen ari da. Nafarroako Gobernuari dagokio zerbait egitea. Zer nahi du herritarrak hiltzen diren bitartean diru-sarrera gehiago izatea ala diru gutxiago jaso eta bizi?». Berak galdera horren erantzuna «argi» duela adierazi du aitak: «Nik argi eta garbi dut zer nahi dudan, baina nire semearekin ezin dut aukeratu. Nafarroako Gobernuak, ordea, aukeratzen ahal du, eta hori da eskatzen duguna».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun