Alazne Untxalo eta Irati Majuelo dira Bertsokabi Sariketako finalera sailkatu diren azken bertsolariak

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 18a, 12:00

Atzo jokatu zen Bertsokabi Sariketako hirugarren eta azken kanporaketa eta lehian aritu ziren hiru bikoteen artean,  Alazne Untxalo iturendarrak eta Irati Majuelok osatutako bikoteak lortu zuen finalera sailkatzea. Haiekin batera ariko dira Xabat Illarregi leitzarra eta Aitor Irastortza, eta Ekhiñe Zapiain beratarra eta Josu Sanjurjo lesakarra.

Mendillorrin jokatu zen II. Bertsokabi-Eugenio Arraiza Sariketaren hirugarren eta azken kanporaketa. Hiru bikote aritu ziren taula gainean: Alazne Untxalo eta Irati Majuelo, Joanes Illarregi leitzarra eta Endika Legarra eta Etxahun Azkarraga etxalartarra eta Patxi Castillo beratarra. Publikoko bortz lagunek izan zuten bertsolarien lana epaitzeko ardura, eta haiekin batera, Nerea Bruño eta Mikel Beaumont aritu ziren. Lehenbizi, gaia emanda, ofizioetan aritu ziren sei bertsoalriak, binaka, bikoteak nahastuz. Segidillaren txandan, minutu bateko bina txanda osatu zituzten Alazne Untxalok, Joanes Illarregik eta Patxi Castillok. Bat, bi, hiru jokoaren tartean, ipuinetako pertsonaiak, euskal aktoreak eta Frantziako hiriak zerrendatzen ibili ziren puntuka hiru bikoteak. Jolas horren ondotik ailegatu zen bakarkako ariketa, Majuelok, Legarrak eta Azkarragak egin zutena, oinak emanez habanera bana osatuz. Saioari bukaera emateko, koplaka aritu ziren hiru bikoteak. Lan puntuagarriak bukatuta, Untxalo eta Majuelo izendatu zituzten saioko irabazle.

Urriaren 24an Iruñeko Herriko Tabernan jokatuko den finalean ariko dira, Xabat Illarregi eta Aitor Irastortza, eta Ekhiñe Zapiain eta Josu Sanjurjorekin. Finala 18:30ean hasiko da. Maialen Belarra doneztebarra ariko da gai-jartzaile lanetan, eta publikoarekin batera, Joseba Beltza eta Nerea Bruñok eginen dituzte epaile-lanak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun