Xabat Illarregi eta Aitor Irastortza nagusitu dira Bertsokabi sariketako lehenbiziko kanporaketan

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 4a, 14:00
Xabat Illarregi leitzarra eskuinean.

Bigarren kanporaketa heldu den ortzegunean jokatuko da

50 bat entzule bildu dituen saioan leitzarra eta Irastortza gailendu dira, Saioa Alkaizak eta Ainara Ieregik, eta Oronoz-Mugairiko Amaia Elizagoienek eta Beñat Astizek osatutako bikoteen aitzinetik.

Ortzegunean, urriak 3, Iruñeko Terminal ostatuan jokatu zen II. Bertsokabi-Eugenio Arraiza Sariketaren lehenbiziko kanporaketa. Hiru bikote eta sei bertsolari aritu ziren taula gainean: Amaia Elizagoien (Oronoz-Mugairi) eta Beñat Astiz, Saioa Alkaiza eta Ainara Ieregi, eta Xabat Illarregi (Leitza) eta Aitor Irastortza. Publikoko bortz lagun eta haiekin batera, Cesar Etxeberria eta Julen Zelaieta aritu ziren epaile lanetan eta lan puntuagarriak bukatuta, Xabat Illarregik eta Aitor Irastortzak osatutako bikotea izendatu zuten saioko irabazle. Gisa horretara, urriaren 24an Iruñeko Herriko Tabernan jokatuko den finalerako txartela eskuratu dute.  

Giro ederrean
50 bat entzule bildu ziren ortzeguneko saioa ikustera. Bertsolariek bikoteka banatu zituzten saioan zehar egin beharreko lanak. Lehenbizi, gaia emanda, ofiziotan aritu ziren sei bertsolariak, binaka, bikoteak nahastuz. Segidillaren txandan, minutu bateko bina txanda osatu zituzten Amaia Elizagoienek, Saioa Alkaizak eta Xabat Illarregik, erritmo ederrean, eta umoreari leku eginez. ‘Bat, bi, hiru’ jokoaren tartean, hezurdun frutak, auto markak eta Euskal Herriko ibaiak zerrendatzen ibili ziren puntuka hiru bikoteak, hurrenez hurren.  
Jolas horren ondotik bakarkako ariketa egin zuten Beñat Astizek, Ainara Ieregik eta Aitor Irastortzak; oinak emanda habanera bana osatuz. Eta segidan, saioari bukaera emateko, koplaka aritu ziren hiru bikoteak.

Bigarren kanporaketa, heldu den ortzegunean
Hurrengo ortzegunean, urriak 10, jokatuko da sariketaren bigarren kanporaketa, Zabaldi Elkartasunaren Etxean (Nabarreria kalea), 19:00etan. Hiru bikote ariko dira kantuan: Iker Gorosterrazu (Ituren) eta Ekain Alegre, Alazne Untxalo (Ituren) eta Irati Majuelo eta Josu Sanjurjo (Lesaka) eta Ekhiñe Zapiain (Bera). Saioko irabazlea urriaren 24ko finalera sailkatuko da.  

Nafarroako bertsolari gazteei trebatzeko eta jendaurrean kantatzeko aukera emateaz gain, Iruñerriko publikoa –bereziki gazteak- bertsozaletzeko xedea du sariketak, bertsoa hiriburuko eremu informaletara eramanez. Era berean, egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zenaren figurari gorazarre egin nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun