Ekhiñe Zapiainek eta Josu Sanjurjok irabazi dute Bertsokabi Sariketako bigarren kanporaketa

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 11a, 14:00
Josu Sanjurjo eta Ekhiñe Zapiain Bertsokabi Sariketan.

Urriaren 24an jokatuko den finalerako txartela lortu dute beratarrak eta lesakarrak

Ortzegun arratsaldean jokatu zen II. Bertsokabi-Eugenio Arraiza Sariketako bigarren kanporaketa, Iruñean. Zapiain eta Sanjurjorekin batera, Ekain Alegrek eta Iker Gorosterrazu iturendarrak ostatutako bikoteak eta Mikel Lasartek eta Sarai Roblesek osatuak parte hartu zuten.

Iruñeko Zabaldi Elkartasunaren Etxean egin zen kanporaketa, eta giro bikainean, 60 entzule ingururen aitzinean, hiru bikote aritu ziren bertsotan: Ekhiñe Zapian beratarra eta Josu Sanjurjo lesakarra; Ekain Alegre eta Iker Gorosterrazu iturendarra eta Mikel Lasarte eta Sarai Robles. Publikoko bortz lagun aritu ziren bertsolarien jarduna epaitzen, eta haiekin batera, Amaia Telletxea aranztarra eta Joseba Beltza ere aritu ziren epaile lanetan. Lan puntuagarriak bukatuta, Zapiain eta Sanjurjok ostatutako bikotea izendatu zuten saioko irabazle. Hala, urriaren 24an Iruñeko Herriko Tabernan jokatuko den finalerako txartela eskuratu dute. Haiekin batera, finalean izanen dira Aitor Irastortza eta Xabat Illarregi leitzarra, aitzineko asteko saioan sailkatuak.

Bikoteka banatu zituzten egin beharreko lanak. Lehenbizi, gaia emanda, ofiziotan aritu ziren sei bertsolariak, binaka, bikoteak nahastuz... Segidillaren txandan, minutu bateko bina txanda osatu zituzten Iker Gorosterrazuk, Mikel Lasartek eta Josu Sanjurjok, erritmo bizian. ‘Bat, bi, hiru’ jokoaren tartean, A-z hasitako Nafarroako herriak, euskal musika taldeak eta barazkiak zerrendatzen ibili ziren puntuka hiru bikoteak.

Hirugarren eta azken kanporaketa heldu den ortzegunean

Urriaren 17an jokatuko da sariketaren hirugarren eta azken kanporaketa, Mendillorriko Antzara gunean, 19:00etan. Han ere hiru bikote ariko dira bertsotan: Alazne Untxalo iturendarra eta Irati Majuelo, Endika Legarra eta Joanes Illarregi leitzarra eta Etxahun Azkarraga etxalartarra eta Patxi Castillo beratarra. Saioko irabazlea urriaren 24ko finalera sailkatuko den hirugarren eta azken bikotea izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun