Euskal Herria Zuzenean ekainaren 28tik 30era

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 26a, 09:00
Irisarri herrian pausatuko da EHZ aurten.

Feminismoaz, besta ereduaz, burujabetzaz, G7az eta migrazioaz hausnartzeko espazio bat bermatu nahi izan dute

EHZ festibala Baxe-Nafarroako Irisarri herrian pausatuko da ekainaren 28tik 30era. Ideia  berritzaileekin eta 23 urteko ibilbidea soinean, aurtengoa  «hitzordu berezia» izanen dute.

Programazio «anitza»
Aurten, Euskal Herriko artistak hobeki ezagutaraziko dituzte. Rap, Rock, Pop, Reggae, Cumbia doinuak izanen dira entzungai. Musika talde nagusien artean, Iseo & Dodosound, Niña Coyote eta Chico Tornado, Willis Drummond eta Gari & Maldanbera aipa daitezke. Zalantzarik gabe, Oihan Oliarj-ines zuberotarraren Oihaneko Zühainetan eta Ray Fernandez kubatarraren kontzertuak izanen dira ikusmin gehien piztuko dutenak. Zenbait taldek haien obrak aurkeztuko dituzte festibalean, haien artean dira Pelax, Rodeo, Alba, Ibil Bedi eta Diabolo Kiwi.
Anari, Old School Funky Family, Cumbiam’bero, Liher, Manu Louis, The Very Small Orchestra, Lu Rois, Izaki gardenak, Koban, Nizuri Tazuneri, Montauk eta Broken Brothers Brass Band izanen dira EHZ Festibalaren eszenaren jabe eginen direnak.

«Aurtengo edizioa posible izateko 500 galtzagorri behar ditugu»

Ikusgarri mailan, Led Silhouette dantza konpainiaren eta Toi d'abord zirkoarenak aipa daitezke. Lehenak, Orbita ikusgarria estreinatuko du, EHZ Festibalerako propio eraturiko sorkuntza eta Gaizka Sarasola musikariaren konposizioek lagunduko dutena.

Hausnarketa eta eztabaida
Aurten, arreta berezia ezarri zaio hausnartzeko espazio bat bermatzeari. Aurtengo edukiak bost ildoren inguruan osatu dira: feminismoa, besta eredua, burujabetza-autogestioa, G7-a eta migrazioa. Ildo bakoitza hainbat hitzaldi, eztabaida eta mahai inguruz osatua da, eta jarraipen logiko bat ukanen dute. Tailer horietan parte hartu nahiko duten festibalariek izen-eman beharko dute aitzinetik. Tailerrak adituen eta eragileen ekarpenekin diseinatu dituzte, eta helburua parte-hartzaileek gaur egungo erronkei buruz hausnartzea, iritziak trukatzea eta horietan sakontzea izanen dute.

Sartzea
Bertso-poteo, txaranga eta dantza-emanaldiek girotuko dituzte bazterrak. Herriko plazako gunea urririk izanen da eta tailer, hitzaldi eta ikusgarri andana eskainiko dituzte. Ttikienek Haurren Xokoan  aukera bikaina izanen dute: tailerrak, puzgarriak, zirko ikastaroak, magia…  Kontzertuak ondoko pentzean izanen dira eta sartzeak 55 eurotan daude salgai ehz.eus atarian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun