Zer da EHZ?
Izaera bikoitzeko elkartea da. Ipar Euskal Herriko tresna da, gazte mugimendua indartzeko dinanika bat, besta eta engaiamendua elkartzen dituena. Horrez gain, norbanakoak nahiz kolektiboak elkartu eta gogoeta propioak eramateko gaitasuna dauka.
Noiztik ospatzen da?
1996an ospatu zen lehen aldiz Arrosan (Baxe Nafarroa). Euskal Herriko festibal zaharrenetakoa da. Idauze-Mendi (Zuberoa), Heleta (BN) eta Lekorneko (Lapurdi) zoletatik igaro ondoren, 2017-2018 artean, proiektua birdefinitzeko barne-gogoetan murgildu ginen. Urte horretan, EHZ Nomada ospatu genuen, festibala hiru egunez hiru herritara zabalduz. Aurten festibala hats berriz itzuli da, gazte belaunaldi berrien eskutik, eta Irisarri izanen du berrabiatze.
Noiztik ari zara antolakuntzan?
Bada urte zonbait ari naizela... Hastapenetik Festibalean den auzolana, eta herrialde ezberdinetako gazteen ezagutzaren egiteak ninduen harrapatu. Festibala identifikatzen nauen eredua izan da. Aurten ardura gehiago hartu ditut 15 laguneko talde motorrean ari naiz.
Noiz hasi ohi zarete lanean?
Aurtengoa berezia izan da, proiektua berrikusi dugu. Usaian, iraileko biltzarretik landa...
Nola banatzen duzue lana?
Lana komisioka banatzen dugu (urtean zehar 10 lagun biltzen dira bakoitzean), ardura ezberdinak hartuz. Aurten, erraterako, nire ardura diruarena da, baita administrazioarena ere. Eta nola ez, festibalaren denboran, ehunka laguntzaile dira posible egiten dutenak. EHZ Festibala auzolanez antolatu den festibala dugu, eta horretarako baitezpadakoa da. Aurten 500 behar ditugu.
Feminismoa, besta-eredua, burujabetza... dira aurtengo ildoak. Nola jorratuko dira?
Horien bueltan antolatuko ditugu hainbat tailer, hitzaldi eta mahai-inguru. Jendeari eskatuko diogu ildo bat hauta dezan, eta ildo horretan sakontzeko aukera izanen du.