Ezustekorik gabe osatu dira eskualdeko hemeretzi udal larunbat honetan

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 17a, 12:00

Baztango udala gisa honetara ostatua gelditu da datozen lau urtetarako. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Ttipi-Ttapak hartzen duen eremuko 19 herritan egin ziren udal hauteskundeak maiatzaren 26an. Larunbat honetan, berriz, alkate eta zinegotziek kargua hartu dute. Zenbakiek eta lortutako zinegotziek ere ez zuten ezusterako tarterik uzten eta ez da ezustekorik izan.

Zubietarrak izan dira goiztiarrenak, 08:00etan izan batiste udala osatzeko hitzordua. Udal hauteskundeetan, Herriko Taldea bakarrik aurkeztu zenez, haren buru aurkeztu zen eta Ernesto Dominguezek hartu du berriz ere aginte-makila.

09:00etan Igantziko, Aranoko eta Zugarramurdiko udalak eratzeko bilkurak egin dituzte. Igantzin Juankar Unanuak (Herri Taldea) segituko du karguan. Aranoko kasuan, zerrenda irekia den arren, alkatea zein izanen den: Joxean Ruiz (Herri Aierriz). Zugarramurdin, larunbatean erabaki dute Evaristo Mentaberri Mihura izatea alkate. Ordu erdi beranduago, 09:30ean, Beintza-Labaienen egin dute udala eratzeko plenoa eta hemen, zerrenda irekia bazuten ere Jon Telletxeak (Herriarengatik) segituko du afkatte.

10:00etan Bertizaranan egin dute hitzordua. Kasu honetan, gaur egun alkatea den Andres Etxenikek (EH Bildu) segituko du karguan. Ordu erdi beranduago, 10:30ean, Goizuetan eta Donamarian egin dituzte bilkurak. Goizuetan, Unai Mirandak (EH Bildu) hartu du alkate kargua eta Donamarian Natalia Rekartek (Herriarengatik).

11:00etan Urdazubiko eta Doneztebeko udalak eratu dituzte. Urdazubin alkate berria dute: Iñaki Ariztia (Azkar) eta Donezteben azken agintaldian alkate izan den Xanti Utergak (EH Bildu) segituko du udaleko buru izaten. 11:30ean Arantzan eta Sunbillan egin dituzte hitzorduak. Arantzan, EH Bilduko Dabid Iturriak hartu du alkate kargua eta Sunbillan, azken agintaldian karguan egon den Amets Indak (EH Bildu).

12:00etan eskualdeko sei herritan osatu dituzte udalak: Areson, Baztanen, Leitzan, Beran, Etxalarren eta Lesakan. Areson Jose Oterminek (Areso Eraikiz) hartu du aginte-makila. Baztanen Joseba Otondok (EH Bildu), Leitzan Mikel Zabaletak (EH Bildu) eta Etxalarren Miguel Mari Irigoienek (Herri Taldea) alkate izaten segituko dute. Beran eta Lesakan, berriz, alkate berriak  dituzte, biak EH Bildukoak: Beran Aitor Elexpuru eta Lesakan Ladis Satrustegi.

Saldias izan da udala osatuko duen azken herria. 19:30ean egin dute hitzordua. Hemen Jacinto Dominguezek segituko du afkatte.

Elgorriaga, Eratsun, Ituren, Ezkurra, Oiz eta Urrozen udal hauteskundeetara ez zenez inor aurkeztu, urrian udal hauteskundeak berriz deitzeko aukera izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun