'Neskatoak' dokumentalaren aurkezpen arrakastatsua egin dute Beran

'Neskatoak' dokumentalaren aurkezpen arrakastatsua egin dute Beran
Jon Abril zuzendaria eta ikusentzunekoan protagonista diren emakumeak, aurkezpenean.

1950-70 urteen artean Ipar Euskal Herrira eta Frantziara lanera joan ziren emakumeen bizipenak biltzen ditu

Bortzirietako Berdintasun Batzordeak martxoren 8ko Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekitaldien artean nagusia egin dute martxoaren 6an. Igande arratsaldean, Jon Abrilek zuzendutako Neskatoak dokumentalaren aurkezpena egin dute Berako Kultur Etxean eta jendetza bildu da ikusentzuneko ederra ikustera. Jon Abril zuzendariarekin batera, dokumentaleko protagonista diren emakumeak ere izan dira ekitaldian. Ikusi argazkiak

 

1950-70 urteen artean ehundaka emakume izan ziren urte luzez euren familia eta etxeetatik urrun, neskato modura lanean ibili zirenak. Jon Abrilen amatxi izan zen horietako bat, «etxean aditutako kontuetatik» tiraka hasi eta «bizipen horiek biltzeko tenorea» iritsita Neskatoak dokumentala grabatu du bertako emakumeen bizipenekin. Berdintasun Batzordetik aipatu dutenez, «gure inguruan artzain, baso-mutil edo arrantzale moduan joan ziren gizonezkoei buruz solastu da gehien bat, eta orain emakume hauen lana gogoratu eta errekonozitu nahi dugu, genero ikuspegi batetik». Dokumentalaren estreinaldian, aipatu bezala, Jon Abril egilea bera eta ikusentzunekoan parte hartu duten emakumeak egon dira.

Beran ez ezik, martxoaren 12an Arantzako baskulan ere aurkeztuko dute dokumentala, larunbatean 19:30ean. Aitzinetik, martxoaren 8an Hondarribian ere emanen dute eta ondotik, martxoaren 16an Donostian, martxoaren 18an Ataunen, martxoaren 23an Etxalarren eta apirilaren 16an Zugarramurdin.

Erlazionatuak

Neskatoak dokumentalaren spota

Bortziriak

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.

Izan zaitez harpidedun