Ttipi Txartela

«Urtetik urtera modelo, ehun eta kolore berriak sartzen ditugu»

Ttipi-Ttapa

Leire AMOROS GRANER, Artlepo.

Urtean bi bilduma egiten ditu Doneztebeko Onddo ta Punto arropa markak: udaberri-udakoa eta udazken-negukoa. «Orain 2026/27ko udazkeneko bilduma atera berri dugu eta salmenta puntuetan eta webgunean daude eskuragarri. Aldi berean, hurrengo denboraldiko modelo eta diseinu berriak prestatzen ari gara».

19 urteko ibilbidea du markak eta urteekin kontsumo ohiturak «aunitz» aldatu omen dira: «merkatuan aurki daitezkeen produktuen eskaintza handitu da. Gainera, bezeroak badaki zein marka eta zein modelo nahi duen, aunitzetan dendara hurbiltzen dira web orrian ikusitako modelu zehatz baten bila».

Merkatuari moldatzeko, «denboraldi batetik bertzera modelo berriak sartzen ditugu, ehun eta kolore desberdinak, eta diseinuek ere eboluzio bat izan dute». Etorkizunera begira, «Onddo ta Punto marka zabaltzen segitu nahiko genuke, eta gure arropa janzten dutenek gustura erabili dezatela. Alde batetik, gure salmenta puntu diren dendekin segitu nahi dugu, garrantzia ematen baitiogu tokiko merkataritzari. Bertze aldetik, online salmenta ere hedatzen segitu nahi dugu, salmenta puntuen bidez ailegatzen ez garen leku horietara ere ailegatzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun