Sagardiak uste du azken urteotan aurrerapausoak eman direla Gaztelun eta Malerrekan, batez ere onarpenari eta normalizazioari dagokienez. Hala ere, ohartarazi du jarrera eta esaldi homofobo zein transfoboak oraindik normaltzat hartzen direla herri ttikietan. Bere kasuan, familia eta Malerrekan bertan duen lagun kuir sarea babes handia izan dira, nahiz eta herrian zein eskualdean irain homofoboak ere jasan izan dituen.
Gazteluko errealitatea, bere ustez, «aunitz» aldatu da azken urteotan, eta bereziki ostatuaren papera nabarmendu du. Leku segurua bihurtu dela dio, eta herrian horrelako espazio bat izatea «gustu bat» dela. Malerrekan ere gizartearen pentsamolde aldaketa ailegatu dela sumatzen du, eta uste du gehiengoak queer pertsonen normalizazioa bereganatu duela.
Eskualdeko mugimendu feministaren indarra azpimarratu du, borroka transfeminista dela eta, disidentzia barnean hartzen duela azalduz. Gainera, eskualdekoen arteko saretzea babes iturri dela erran du: «Sare polita eratzen dugu eta jende berria hagitz ongietorria da».