Nor dugu Naroa Zozaia?
18 urteko neska alai urroztarra bezala definituko nuke neure burua.
Zein dira zure zaletasunak?
Nire zaletasunik handiena mendia da, baita lagunekin eta familiarekin denbora pasatzea ere. Bueno, besta pixka bat egitea ere gustuko dut.
Ikasketak hasiko dituzu aurten, ezta?
Bai, goi maila hasiko dut aurten, Produktu Farmazeutikoen Fabrikazioko gradua zehazki.
Zer nabarmenduko zenuke Urrozen bizitzeaz?
Urrozen bizitzearen hoberena lasaitasuna da, eta elkarren arteko harremana ere hagitz polita da.
Herriko bestak izanen dituzue laster. Zer dute berezi?
Nahiz eta bestak udan ez diren, polita da urte guzian ikusten ez duzun edo gutti ikusten dituzun pertsonekin denbora pasatzea.
Zein dira zure lehenbiziko oroitzapenak bestetan?
Haur guziek bezala, ttikitako oroitzapenik onena frontoian koltxonetetan pasatako denbora da, baita besta egunetan eskolara joan behar ez izatea ere!
Eta orain zein da gehien gustatzen zaizun eguna?
Egun guziak gustatzen zaizkit, baina dudarik gabe bereziena herri bazkaria da, denon arteko elkartasuna nabarmentzen delakoz. Aurten ere larunbat arratserako kontzertu polita espero dugu.
Besta egiteko lehenbiziko dena prestatu behar. Nola antolatzen dituzue?
Normalean besten aitzinetik gazteek bilera bat egiten dugu, ideiak biltzeko eta elkarren artean lana banatzeko. Aurten, hala ere, egia da udalak lan karga handia hartu duela.
Herritarren laguntza izaten da?
Bai, ez gazteak bakarrik, herri osoa laguntzeko prest agertzen da bai bestetan eta baita aitzinetik ere. Eta herri ttikia izanda, denbora gehiago bada disfrutatzeko lanerako baino.
Zein dira zure asmoak epe motzera?
Ikasketak akitzea eta disfrutatzen segitzea familia eta lagunen ondoan.
Eta epe luzera?
Urrozen bizitzearekin eta beti bezain ongi segitzearekin konformatzen naiz.