Bestak 2026

«Elgorriagako bestak denon artean antolatzen ditugu eta horrek egiten ditu berezi»

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 21a

Ainara Otxandorenak 22 urte ditu eta Haur Hezkuntzako gradua ikasten ari da.

Ainara OTXANDORENA PIKABEA, Elgorriagako gaztea.

Herriko bestak egutegian gorriz seinalatuak izaten ditu Ainara Otxandorena Pikabea Elgorriagako 22 urteko gazteak. Hala diote bere ondokoek, eta hala onartu du berak ere. Bada, Elgorriagako bestak ate joka direla aitzakiatzat hartuta, bera ezagutzeko probestu du TTIPI-TTAPAk.

Irakasle izatea amets

«Elgorriagan bizi den neska alaia eta zoriontsu» dela erranez aurkeztu du Otxandorenak bere burua. «Lagunekin egotea eta crochet egitea aunitz gustatzen» zaiola gehituz segitu du. Gainerakoan, Haur Hezkuntzako gradua ikasten ari da Iruñean, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta aitortu duenez, «inolako dudarik gabe» hartu zuen ikasketa horiek egiteko erabakia: «Ikasleen garapena nolakoa zen ikasi nahi nuelako eta etapa hagitz polita iruditzen zaidalako aukeratu nuen gradu hori, baita haurrak aunitz gustatzen zaizkidalako ere. Argi nuen hori ikasi nahi nuela. Horretarako bokazioa dudala uste dut». Eta ez da damutu hartutako bidearekin.

«Argi nuen Haur Hezkuntzako gradua ikasi nahi nuela. Bokazioa dudala uste dut»

Ikasturte honetan, etxetik hurbil praktikak egiteko aukera izan du, Doneztebeko San Miguel eskolan. «Iruñean bi hilabete bakarrik egin nituen. Praktikak Doneztebeko eskolan egin nituen eta beraz, ikasturte gehiena Elgorriagan pasatu nuen; goizetan eskolan eta arratsaldetan Elgorriagan, lagunekin edo plazan».

Udan, ordea, ikasketak alde batera utzita, Beran ari da lanean, «astelehenetik ortziralera». Kontatu duenez, «lanaz aparte, udan, astez plan gutti ditut», baina astez ezin duena, aste hondarrean egiten du: «Asteburuak topera disfrutatzen ditut lagunekin, bikotekidearekin edo familiarekin».

Herria bihotzean

Bere herria maite duela ere agerian gelditu da. Elgorriagan hazi eta bizi da, eta etorkizunean ere, «Elgorriagan bizitzen segitzeko aukera izatea espero dut». Gehitu duenez, «herri ttikia da, baina bizitza handia duena. Biztanle gutti dituen arren, hagitz elkartuak gaude. Giro ona nabaritzen da urte guzian, eta batez ere plazan, beti bada norbait».

Gazteen artean ere «mugimendu handia» izaten omen dute: «Herri ttikia izanda, kinto aunitz elkarrekin ibiltzen gara. Aurten, gainera, pala txapelketa antolatu dute udan eta gazte eta heldu aunitzek parte hartu dugu». Bertzalde, gazteek «sagardotegira ateraldia eta Udaberritze Eguna» antolatzen dituztela esplikatu du, «baita bertze ekintza batzuk ere». Eta helburua argia da: «denak elkartzea».

Bestei begira

Bestak hurbildu ahala, urte osoan izaten den «giro goxo hori gehiago nabarmentzen» dela iruditzen zaio.

Bere kasuan, bestetan gehienbat «eguneko ekitaldiak» gustatzen zaizkio, eta egun bat aukeratzeko eskatuta, larunbata aipatu du: «Paella jatean herri gehiena biltzen gara eta bazkaldu ondotik, Txaranga Berria etortzen da eta denak alaitzen gaitu. Arratsean, erromeriaren txanda izaten da eta aunitz disfrutatzen dut».

«Giro ona dugu urte guzian, baina bestak hurbildu ahala, giro goxo hori gehiago nabarmentzen da»

Betitik gustatu izan zaizkio bestak. Dioenez, haurra zenean ere, «aunitz» gustatzen zitzaizkion. «Lagunekin eta familiarekin ekitaldi guzietara joaten nintzen. Gainera, haurrendako ekintza eta joko aunitz izaten genituen eta denetan parte hartzen saiatzen nintzen». Orduko bestekin konparatuz, gaur egun «hagitz desberdin bizi» dituela onartu du, baina ez da dena diferentea: «Gogo berdinarekin izaten naiz eta ahal den guzietan parte hartzen saiatzen naiz orain ere».

Eta zerk egiten ote ditu Elgorriagako bestak berezi? Bere hitzetan, «denon artean antolatzeak. Ospakizunetan oraindik gehiago elkartzen gara eta bestak herrikoendako prestatzen ditugu, guk ongi pasatzeko. Hori da, niretako, bestak berezi egiten dituena».

Akitzeko, herritarrei «bestetan gozatzeko» deia egin die, eta bisitariei «giro hagitz polita» izaten dutela eta «ongi etorriak» direla erran die. Berak, berriz, «herriko bestak urte aunitzez gozatzen segitzeko aukera izatea» espero du. Eta Elgorriagako bestak akituta, Berakoetan izanen du hurrengo zita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun