Lehen aldiz hirugarren mailara, bi urtez segidan igo ondotik… Ametsa egia bihurtu duzue edo ametsetan ere ez zenuten hau pentsatzen?
Egia erran, hasierako helburua maila mantentzea zen, baina denboraldiak aurrera egin ahala mailaz igotzeko aukera zegoela ikusi genuen, azkenean ametsa zirudiena egia bihurtuz.
Non egon da igoeraren gakoa?
Nik uste dut gakoa taldea izan dela: giro ona, konpromisoa eta eguneroko lana. Entrenatzailetik hasi, bere laguntzaile guztiak eta jokalariak denak bat izan dira. Atzendu gabe astebururo taldea animatzera hurbildu diren jarraitzaile guztiak.
Jaun eta jabe izan zarete urte osoan, horren erakusgarri, oraindik lau partida falta direla dagoeneko hirugarren mailako taldea zaretela…
Bai, egia da hagitz denboraldi sendoa egin dugula. Agian kanpotik ikusita erraza dirudi, baina lan handia dago atzean. Espero genuen maila ona ematea, baina hain nagusi izatea agian ez horrenbertze.
Orain, kategoriako txapeldun izatea izanen duzue lau partida hauetako helburua, hori ere esku-eskura duzue…
Aukera polita dugu [jokatzeko hamabi puntu falta direla, zortzi puntuko abantaila dute bigarren den Gazte Berriak taldearekin], eta serio hartuko ditugu falta diren partidak. Denboraldiari bukaera borobila ematea gustatuko litzaiguke.
Heldu den urteari begira zerbait pentsatua duzue edo oraindik goizegi da? Etxeko jokalariekin segitzeko asmoa duzue edo kanpoko jendearekin ere sendotuko duzue taldea?
Datorren urteari begira, pausuz pausu joan nahi dugu. Oraindik goizegi da xehetasunetan sartzeko, baina oinarria mantentzea garrantzitsua izanen da, bi urte hauetako emaitzak ikusita. Hortik aitzinera, taldea hobetzeko aukera badago, aztertuko dugu.
Bertzerik?
Eta bertzerik gabe, eskerrak eman nahi dizkiegu zaleei, babesleei eta klubeko jende guztiari. Haien babesik gabe, ezin izanen zelako lortu duguna lortu.