Historian lehen aldiz hirugarren RFEF mailan jokatuko du Doneztebe Futbol Taldeak, bi denboralditan segidan, Erregionaleko lehen mailatik maila autonomikora lehenik eta, orain, maila autonomikotik hirugarren mailara igatea lortu ondotik. Larunbatean Baztanen kontrako derbian puntu bat eskuratzea aski zuen, matematikoki, oraindik lau partida falta direnean, hori lortzeko. Baina Baztan ere ez zen arratsalde pasa etorri, beraiek ere igateko aukera baitute oraindik. Honela, 0-1 irabazi zuten baztandarrek, hasiera batean, doneztebarren poza zapuztuz. Baina bertze zelaietatik etorritako albisteak onak izan ziren, eta Doneztebe sailkapenean harrapa zezaketen taldeek ere galdu egin zutenez, hirugarren mailarako igoera konfirmatu eta ospakizunetarako tartea izan zuten, bai Iñaki Indart zelaian berean, baita Doneztebeko karriketan ere. Orain, gelditzen diren lau partidetan maila autonomikoko txapeldun izatea lortzea bakarrik gelditzen zaio Doneztebe Futbol Taldeari. Argazkiak: Juan Mari Ondikol, Foto Zaldua eta Doneztebe FT
Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.