Errotaren inguruan egun osoko egitaraua antolatu dute bertako arto aldaerak ezagutzera emateko
«2025ean, 25 arto aldaera identifikatzera iritsi gara —diote antolatzaileek—; lehendabiziko karakterizazio bat egin dugu, eta aldaera bakoitza zein zaurgarritasun mailan dagoen aztertu dugu (zenbateraino dagoen desagertzeko arriskuan). Lurraldeotako girora ongi egokitutako aldaerak dira, eta biziki interesgarriak izan daitezkeen ezaugarri organoleptikoak dituzte (aroma, zapore, kolore) hemengo ekoizle eta produktugileentzat, tokiko artoak eta eratorritako produktuek gaur egun eskaintzen duten potentziala aztertu nahi balute. Lan hau finitzeko eta aurkezteko, jardunaldi bat eginen dugu, eta bertan, artoaren kulturaren inguruko ezagutzak trukatzen ahalko dira laborantzaren eta sukaldaritzaren ikuspegitik».
Otsailaren 21eko egitaraua
Jardunaldi irekia izanen da gure baserritarrek kontserbatu eta transmititu duten ondare biokulturala ezagutu nahi dutenentzat, baina, aldi berean, etorkizunari begiratu eta elkarrekin gogoetatzeko baliagarri izatea nahi dute, gaur egun artoak laborantzan eta sukaldaritzan eskaintzen dizkigun posibilitateen inguruan.
- 09:00–11:00 Zubietako errotan Tokiko aldaerak ehoko dituzte, eta jakintzak trukatu errotazain batzuekin.
- 11:00–13:30 Zubietako herriko plazan Tokiko arto aldaeren erakusketa. Artoa nixtamalizatzeko tailerra. Taloak egiteko tailerra. Tokiko artoen dastatzea.
- 13:30 Zubietako herriko plazan Bazkaria (taloa eta sagardoa).
- 16:00 Zubietako soziedadean Tokiko aldaeren prospekzioaren aurkezpena. Euskal Herrian artoarekin ikustekoa duten proiektuen aurkezpena.