«Gibelean duen historiak definitzen du arto barietate bakoitza»

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 15a

Edorta A. Murua eta Iruritako Santxotena arto ekoizlea. Argazkia: Maria Azkarate.

Edorta A. MURUA ZUBIRIA, Tokiko Artoaren Egunaren harira.

Baztan-Bidasoan oraindik erabiltzen diren artoak ikertu dituzte Marc Badal eta Edorta A. Muruak, eta emaitzak plazaratzeko Tokiko Artoaren Eguna eginen dute otsailaren 21ean Zubietan.

«Aspalditik» bizi da Edorta A. Murua (Donostia, 1968) Zubietan. «Kasik 30 urte hemen nagoela, eta duela 23 urte hasi nintzen errotan lanean. Beraz, urte aunitzetan izan naiz Zubietako errotaria, bai irina egiten eta baita bisita turistikoekin ere». Esperientzia «interesgarria eta aberasgarria» izan da, «alde batetik maite dudalako eskuekin lan egitea, eta bertzetik ikaspen aunitz eman dizkidalako; jendea, lanbideak, tradizioak… hirikumea izanik, gauza aunitz ikasi ditut errotan».

Artoarekin lotura berezia duzula erranen zenuke?

Zubietako errotak duen ezaugarri berezi bat da bertara edozein etor daitekeela artoa ehotzera. Erranen nuke eskualdean eta Euskal Herri osoan ez dagoela bertze errotarik ezaugarri horrekin. Gainera, guztiz tradizionala da; erabiltzen den makineria duela 200 urteko bera da, urteekin piezak aldatu badira ere, funtzionamendu bera du. Are gehiago, oraindik lakaren bidez ordain daiteke, hau da, artoaren zati batekin. Horri esker, hemen inguruan oraindik artoa landatzen duen jende aunitz ezagutu dut eta horiekin harreman hagitz berezi eta estua sortu dut. Hortaz baliatu gara orain egin dugun artoari buruzko ikerketa edo landa lan honetan.

Marc Badal eta biok aritu zarete proiektuan. Nondik sortu zen?

Cederna Garalurren lanketa egin nahi zuten aspalditik eta dirulaguntza lortzean gurekin harremanetan jarri zen Itsasne Mendiberri. Marc Badalek hazien inguruko ezagutza handia du baina artoari buruz, bereziki, ez zekien hainbertze. Hortaz pentsatu zuen egokia nintzela, nire ezagutza eta kontaktuengatik, bitartekari lanak egiteko ekoizle eta baserritarrekin. Lehenagotik harreman eta konfiantza hori izateak jendearekin kontaktatzea eta informazioa lortzea errazten du. Joan den urtean hasi genuen proiektua eta berez bi urtekoa izan behar zuen, jarraipen bat egiteko, baina azkenean dirulaguntza ez zen aski eta urte batera murriztu dugu. Hortaz, ahal izan duguna egin dugu, beharbada ez nahi genuen guztiaa

 
Nolako garrantzia izan du artoak Euskal Herriaren historian?

Ikaragarria. Artoa Amerikatik ailegatu zen eta hagitz ongi egokitu zen bertako klima eta lurrera. Hura ereiteko bertze labore guztiak kentzen hasi ziren; ezinbertzekoa bihurtu zen pertsona eta aziendei jaten emateko, artoa bera eta bere landarea elikagai hagitz onak zirelako. Duela 60 bat urtera arte, izugarrizko sailak ereiten ziren. Baserrietako jende aunitzek erran digu; hemendik haraino dena artoa zen, herri guztia artoz betea zegoen. Familia aunitzentzako ezinbertzekoa zen, artoa eta patata salbazio bat izan ziren, gerra ondotik batez ere. Baina bertako artoa aunitz murriztu da orain, galtzen joan da.

Nola gertatu da galera hori?

Hainbat gauza gertatu dira. Alde batetik, azienda geroz eta guttiago dago eta horrek eragin handia izan du; egiten zen artoaren erdia edo gehiago aziendarentzat zen, pentsu gisa edo aleka oilo eta zerriendako. Bertzetik, jende aunitz pasatu da bertako artotik arto hibrido, komertzial edo amerikar erraten zaionera. Horrez gain, orain ez du hainbertzeko garrantzirik elikagai bezala. Azkenik, baserrien errelebo falta ere aipatu behar da; gazteek ez dute bertako artoa mantendu, eta mantentzen dutenak zahartu egin dira. Beraz, ez da bakarrik ekoizpena murriztu dela, segidarik ere ez du. Paradoxa bat dela erranen nuke; alde batetik taloa kristoren boladan dago, luxuzko produktua bihurtu da eta feria guztietan jaten da, baina bertzetik artoa geroz eta guttiago ekoizten da. Uste dut lotura hori egin beharko genukeela: zergatik ez dugu bultzatzen taloa egitea bertako arto barietatearekin?

«Ekoizleekin solastatzea eta bertako barietateak identifikatzea» izan da Muruaren eta Badalen lana. Irudia: Maria Azkarate.

 
Nolako etorkizuna ikusten diozu?

Optimistak izan nahi dugu, nahiz eta zaila izan. Horrelako ekimenekin gure esperantza da alde batetik ezagutza bultzatzea eta interesa sortzea ekoizle gazteengan, artoari zati bat eskaini diezaioten, eta bertzetik udaletxe eta erakundeek horren aldeko kanpaina egitea. Igual ez da posible izanen dena salbatzea, baina badaude aukera batzuk. Bertako jatekoak baloratzen ikastea da gure ikerketaren helburua. Kontzienteak izan behar dugu jaten dugunaz; ohartu artoa hemen dugun altxor bat dela, eta zerbait egiten ez badugu galdu eginen dugula.

Nolakoa izan da ikerketa prozesua?

Hasteko errolda moduko bat egin nahi genuen, Basaburu Ttikian, Baztanen, Bortzirietan eta Malerrekan zein arto barietate ditugun eta non landatzen diren ikusteko. Aldi berean, horri buruz ahal genuen informazio historiko guztia bildu nahi genuen: nondik datorren, zein erabilera zuen, nola egiten zen, zein ohitura zeuden horren inguruan… Jende nagusiarekin informazioa bildu eta jakintzak berreskuratu nahi genituen. Beraz, lan handiena jendearekin solastatzea izan da. Ahalik eta leku gehienetara joaten saiatu gara, eta eskualdeko herri guztietan ibili gara. Urtebete ez da nahikoa den-dena ezagutzeko eta segur aski baten batek ihes egin digu, baina ahalegin handia egin dugu ahal genuen informazio guztia biltzeko. Azkenean horrekin 26 arto barietate aurkitu ditugu. Izan ere, eskualdeka baino gehiago, etxearekin lotzen dugu artoa, eta 26 etxetan aurkitu dugu arto berezi edo propioa.

Zerk definitzen du arto barietatea?

Gu ez gara botanikoak, artoa balore kultural gisa ikusten dugu, eta hori islatzen saiatu gara. Niretzat behintzat, gehien definitzen duena ez da itxura, baizik eta gibelean duen historia, nondik heldu den, nola zaindu den, zenbat urtetan, zertarako erabili den… fisikoki ikusten da artoa desberdina dela, baina benetan desberdin egiten duena da etxearen historiarekin duen harremana.

Emaitzak plazaratzeko artoaren eguna antolatu duzue.

Elkartzeko eta solastatzeko eguna izanen da. Ekoizleak gurekin egotea nahiko genuke, baina ez dakit zenbat etorriko diren, jende nagusia da eta lanak dituzte etxean. Baina haientzako omenaldi edo errekonozimendua izatea nahi dugu. Horrez gain, ikerketaren emaitza katalogo eta hiztegi batean bildu dugu, bertako arto barietateekin eta horren inguruko hizkerarekin. Egun horretan banatuko ditugu eta Interneten ere eskuragarri egonen dira. Egun polita izanen da: lehenik errotan ehotze sinboliko bat eginen dugu, gero herrian taloak dastatzeko aukera izanen da, eta artoaren bertze erabilerez ere solastatuko gara. Arratsaldean mahai ingurua eginen dugu bertako artoari buruz hausnartzeko, ikusteko horri buruzko bertze proiekturik dagoen, jendearen artean ideiak trukatzeko eta etorkizunaz mintzatzeko.

Zein da hurrengo pausoa?

Lortu nahiko genukeena da ekoizle gazteen interesa piztea, artoa interesgarria eta jasangarria bihurtzea eta ikustea hor etorkizun bat badagoela; arto hori baliatu behar dela, balorea eman behar zaiola eta ahal den neurrian hemengo barietateak salbatu behar ditugula. Prozesu horretan errotak ere paper garrantzitsua du.

 

Artoaren etorkizunari begira

Itsasne Mendiberri Cederna Garalurreko elikadura dinamizatzaileak abiatu zuen proiektua. Azaldu duenez, «elikadura dinamizazioan gai garrantzitsuenetakoa ekoizpena da. Garai batean artoak garrantzia handia zuen hemen, baina gaur egun galtzen ari da, bai artoa bera eta baita tokiko barietateak ere. Hori berrartzea eta artoaren balioa nabarmentzea interesgarria izanen litzatekeela iruditu zitzaidan». Proiektua sortzeaz gain, koordinazio lanetan aritu da, Badalen eta Muruaren lanaren jarraipena eginez.

Next Generation dirulaguntzen bitartez finantzatu dute proiektua, Turismo Gastronomikoaren lerroan. Izan ere, «lana bertako arto barietateen prospekzio bat da, baina aldi berean jardunaldi bat egin nahi genuen, eskualdeko jendeak horren berri izateko eta Euskal Herri mailan interesa duen edozeini irekia». Helburua argi du: «artoarekiko ikuspegi nostalgikoa alde batera utzi eta etorkizunera begira honekin zer egin daitekeen ikustea. Denok ezagutzen dugu taloa, baina artoak aukera gehiago ematen dizkigu».

Tokiko Artoaren Eguna otsailaren 21ean Zubietan

Egunak egitarau zabala izanen du: 09:00etatik 11:00etara tokiko artoak ehoko dituzte errotan. 11:00etatik 13:30era arto barietateen erakusketa eta artoa nixtamalizatzeko eta taloak egiteko tailerrak eginen dituzte plazan. 13:30ean taloak bazkalduko dituzte eta 16:00etan ikerketaren aurkezpena eta mahai ingurua eginen dute elkartean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun