Zentral eolikoak eskualdean

Zubietan egin nahi zuten eolikoen proiektua alde batera utzi du Abo Energy enpresak

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 29a

Abuztuan Zubietan herritarrekin gaiari buruz egindako bilerako irudia.

Ernesto Dominguez Olea Zubietako alkateak jakinarazi duenez, Abo Energy enpresak e-mail bidez eman dio proiektua bertan behera uzteko erabakiaren berri udalari. 

Abo Energy enpresarekin harremanetan ibili da Zubietako Udala. Udan izan zuten lehenbiziko hartu-emana. Zehazki, uztailaren 30ean enpresako ordezkariak Zubietako alkatearekin bildu ziren, eta orduan aurkeztu zioten Zubietako lurretan lau aerosorgailu paratzeko proiektua. Loitzateko atakan paratzeko asmoa zuten, bi Arantza aldera eta beste bi Goizuetarekin mugan; 200 metroko altuera izanen luketen eolikoak eta bakoitza 7 MW-eko potentziarekin, deskarga Hernani aldera egiteko intentzioarekin.

Geroztik, hainbat e-mail trukatu dituzte enpresak eta udalak. Eta azkenaren berri gaur bertan jakinarazi du Dominguez alkateak ohar bidez. Hor ageri denez, hauxe izan da enpresaren mezua: «Gure departamentu zibilarekin batera, terrenoaren eta sarbideen azterketa teknikoa egin dugu eta egungo baldintzekin kokaleku horretan aurreproiektuarekin segitzea bideraezina dela ikusi dugu».

Gaiaren inguruan, herritarrekin bilera bat baino gehiago egin ditu udalak. Abuztuaren 7an egin zuten lehenbizikoa, enpresaren asmoen berri emateko. Urriaren 8an berriz bildu ziren eta aldi hartan «azkeneko hilabeteetan enpresako ordezkariekin trukatutako e-mailak herritarrekin partekatu» nahi izan zituen udalak. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun