Zentral eolikoak eskualdean

Makroproiektu eolikoak ate joka Zubietan

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 7a

Batzarra egin zuten atzo arratsaldean Zubietan herritarrei informazioa emateko.

Abo Energy enpresako bi ordezkari, Ernesto Domingez Zubietako alkatearekin bildu ziren uztailaren 30ean eta Zubietako lurretan lau aerosorgailu jartzeko proiektua aurkeztu zioten: «Loitzateko atakan jarri nahi dituzte, bi Arantza aldera eta beste bi Goizuetarekin mugan». Eskura duten informazioa herritarrei emateko batzarra egin zuten atzo arratsaldean Zubietan.

Dominguezek TTIPI-TTAPAri azaldu dionez proiektua hasierako fasean legoke: «enpresako ordezkariak beraien asmoa zein den azaltzera etorri ziren eta herrian eolikoen inguruan zein jarrera dagoen ikustera». Antza, kontrako jarrera balego ez lukete pauso gehiagorik emanen: «nik argi azaldu nien herrian kontrako jarrera dagoela eta eskualde mailan ere kontrako dinamika potentea dagoela martxan. Herritarren iritzia kontuan hartu nahi omen dute. Gero ikusi beharko da zer egiten duten».

Uztailaren 30eko bileran plano bat jarri zioten mahai gainean Dominguezi eta Zubietako lurretan lau aerosorgailu marraztuak zituzten: «Loitzateko atakan jarri nahi dituzte, bi Arantza aldera eta beste bi Goizuetarekin mugan». Potentzia handiko aerosorgailuak lirateke: «200 metrok altuera eta bakoitza 7 MW-eko potentziarekin. Hernani aldera eginen lukete deskarga». Lantzen ari diren proiektuaren dimentsioa zenbatekoa den ere galdetu zien Dominguezek: «argi ikusi nuen lau aerosorgailu horiek segidarik gabe ez luketela zentzurik. Proiektuak segidarik izanen lukeen galdetu nien eta beste herrietako alkateekin biltzekoak zirela aipatu zidaten». Alarmarik sortzeko asmorik gabe, baina herritarrak informatzeko asmoz bilera egin zuten atzo arratsaldean Zubietan: «dakigun hori herritarrei azaldu nahi izan diegu. Bilera horren ondotik, ez dugu deus gehiago jakin. Erne egon beharko dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun