Abo Energy enpresarekin harremanetan segitzen du Zubietako Udalak. Enpresa hori izan zen uztailaren 30ean Zubietako alkatearekin bildu zena, eta orduan aurkeztu zioten Zubietako lurretan lau aerosorgailu paratzeko proiektua: «Loitzateko atakan paratu nahi dituzte, bi Arantza aldera eta beste bi Goizuetarekin mugan. 200 metroko altuera izanen lukete eta bakoitza 7 MW-eko potentziarekin. Hernani aldera eginen lukete deskarga». Horixe esplikatu zion alkateak TTIPI-TTAPAri.
Abuztuaren 7an egindako bileran informazio hori zabaldu zien udalak herritarrei. Eta aste honetan, asteazkenean berriz bildu ziren, «azkeneko hilabeteetan enpresako ordezkariekin trukatutako e-mailak herritarrekin partekatzeko».
Bilera horretan hizpide hartutako gaien artean, hiru kontu nabarmendu ditu Dominguezek. Alde batetik, Nafarroako Gobernuaren erantzuna; bestetik, «herriak hartuko lukeen diru kopurua» eta hirugarrenik, enpresak bideragarritasunari buruz egindako komentarioa.
«Gobernuak ez du proiektuaren berririk»
Gobernuaren erantzunaren harira, Dominguezek honela dio: «Abuztuaren 8an, Mikel Irujo Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari proiektu honen berririk ba ote zuen galdetu genion, eta erantzuna ezezkoa izan da. ‘Ez daukagu proiektu horren inguruan inolako informaziorik, eta ez dugu kontakturik izan’ erantzun digu».
«Estimazio ekonomikoa» hizpide
Zubietako Udalaren eta Abo Energyren arteko mezu truke horretan, diru kontuak ere hartu omen dituzte hizpide, eta asteazkeneko bileran «enpresak bidalitako estimazio ekonomikoa aipatu genuen, hau da, herriak hartuko lukeen dirua…». Alkateak TTIPI-TTAPAri adierazi dionez, «udalak enpresari herrian haien egitasmoa aurkezteko proposamena egin dio, baina momentuz ez dute aurreikusi».
Bideragarritasunaz enpresak esandakoa
Aipatutako e-mail horietan, enpresa bideragarritasunaz ere aritu dela gehitu du Dominguezek: «Hauek izan dira enpresaren hitzak: ‘Sarbideen egoera zein den ikusteko, mendian izan ginen. Sartu edo ez bideragarria den aztertzen ari gara gure departamentu zibilarekin. Alderdi hori nahiko kritikoa da, eta akaso, horregatik, ez dago proiektua aurrera eramateko bideragarritasunik’».