[ARGAZKIAK] Giro ederra eta eguraldi eguzkitsua izan dute Zubietako Euskararen Egunean

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 13a

Euskararen Eguna ospatu dute aurten ere asteburu honetan Zubietan, herriko gazteek antolatua. I. Mendi Lasterketa izan da aurtengo berrikuntza nagusia, baina ohiko egitarau zabalean ez dute hutsik egin mus txapelketak, musika, dantzak, joaldunek, aizkora apustuak eta herri bazkaria, besteak beste. Argazkiak: Izaskun Zubialde

Ostiraleko pintxo lehiaketa Uxue Santestebanek eta Lorea Maiak irabazi zuten, mus txapelketa Aitor Agestak eta Xabi Elizaldek eta larunbateko aizkora apustua Mikel Indakotxeak eta Raul Castrok

Urriaren 10ean, ostiralean, pintxo lehiaketa izan zuten eta hemeretzi aurkeztu zituzten. Horien artean, Uxue Santestebanek eta Lorea Maiak aurkeztutakoa izan zen garaile. Bigarren saria Lurdes Santestebanek eskuratu zuen. Gero mus txapelketa jokatu zuten eta Aitor Agesta eta Xabi Elizalde suertatu ziren txapeldun, finalean Jonan eta Martxel Etxebeste anaiei irabazita. Hirugarren Josetxo eta Jexux izan ziren. Ezin Egon musika taldearen emanaldiarekin bukatu zuten ostiral gaua.

Urriaren 11n, larunbata, izan zen egun handia. Lehen Mendi Lasterketarekin abiatu zen eguna. Herriko eskulangileen lanak ikusgai eta erosgai izan zituzten plazan. Ohi bezala, joaldunak ere ibili ziren eta saski bat zozketatu zuten. Kuatukada batukada taldea ibili zen eta eguerdi partean mendi lasterketako sariak banatu zituzten. Aizkora apustuak ere ikusmina piztu zuen. Zortzina kanaerdiko moztu behar zituzten hiru bikoteek eta Mikel Indakotxea eta Raul Castro nagusitu ziren; Mikel Santesteban eta Julen Urrutia bigarren eta Jesus Etxeberria eta Jazinto Etxekonanea hirugarren. Herri bazkarian ere giro ederra izan zuten eta bazkalondoan, haurren ginkana, Mutil Gazteak txaranga eta Txapela Brava musika taldearen emanaldia izan zituzten. Ilunabarrean, taloak ere izan ziren eta Euskararen Eguna borobiltzeko, Olgetan erromeria taldea izan zen plazan eta ondotik gaupasa.

 

Gazteak eskertuak

Zubietako gazteek ere eskerrak eman nahi izan dizkiete Euskararen Eguna gauzatzen lagundu duten guziei: «Ez genuke Euskararen Eguna akitu nahi lagundu duten guztiei eskerrak eman gabe. Aurreko egunetan mendi lasterketarako bidea garbitzen, markatzen, txukuntzen… egon zaretenei, korrikalarientzat luntxa eta bestelakoak prestatzen aritu zaretenei, egunean bertan goiz-goizetik lanean egon zaretenei eta baita mendiko bazter bakoitzean animatzen aritu zareten guztiei ere. Bagenekien edozein laguntza emateko prest zeundetela, baina mundiala izan da! Zuengatik jaso dugun babes eta laguntza ikaragarria izan da, eta hori gabe ezingo genuke holako zerbait aurrera atera.
Beraz, eskerrik asko bihotz-bihotzez. Herri bat handi bihurtzen da elkarri eskua emanda!»

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun