Larunbat goizean plater tiroketa izan zen eta Iñigo Iparragirre suertatu zen txapeldun. Pilota partiden ondotik, herri bazkaria egin zuten plazan eta 176 lagun bildu ziren. Bazkalondoan bingoan aritu ziren batzuk eta animatuenak Ezkurra errekara sartu ziren freskatzera. Giro bikaina izan zen arratsalde-gau partean, Joselontxos txarangarekin eta erromeriarekin. Guraso elkartearen eskutik xingar eta xolomo jatea ere izan zuten.
Akitzeko, igandean, diana, meza eta herriko gaztetxoen pilota partiden ondotik, Izeta eta Ostolaza harri eskolen arteko desafioa izan zen. Tartean aritu ziren berriki Kirol Herri txapelketa irabazi duten Estefi Etxebeste herritarra eta Paulo Azpiazu ere. Toka txapelketa ere jokatu zuten. Arratsaldean, azkenik, Iturengo dantza taldeak erakustaldia izan zen eta mariatxiak Chuchin Ibañezen eskutik. Xolomoa eta xingarra janez eta Gaixoa ni kantatuz borobildu zituzten Iturengo bestak.