Bestak 2025

«Saldiasko pestak uda hasteko modu ederra dira»

Ttipi-Ttapa 2025eko ekainaren 19a

Sortzez Basaburuko Itsaso herrikoa bada ere, Saldiasen bizi da duela zortzi urte Maite Esparza Rubio. Ekainaren 20tik 24ra izanen dituzte aurten herriko pestak, eta gainerako saldiastarrak bezala, gogotsu dago Esparza.

Nola definituko zenuke zeure burua?

Saldiasen bizi den Itsasoko neska alai eta herrikoia.

Zein dira zure zaletasunak?

Ile apaintzaile bezala egin izan dut lan eta oso gustuko ditut horren inguruko gauzak, baina baita naturaz gozatuz paseok ematea ere.

Noiz joan zinen Saldiasera bizitzera?

Duela zortzi urte etorri nintzen Saldiasera, senarra bertakoa baita.

Herri txikia bada ere, herri oraindik txikiago batetik heldu zara, ezta?

Bai, egia esan aldaketa ez zen oso handia izan.

Zer nabarmenduko zenuke herriaz?

Ederki bizi naiz hemen. Jendeak bertan gelditzea erabaki du eta ume asko daude gaur egun. Bizirik dagoen herria da.

Zer dute berezi Saldiasko pestek?

Udari hasiera emateko modu ederra dela iruditzen zait; musika, umeentzako jarduerak, kirolak… giro ederra izaten da.

Zein izaten da gehien gustuko duzun egun edo jarduera?

Lehenengo eguneko giroa berezia dela iruditzen zait. Herriko heldu eta gazteak mahai berdinaren inguruan ikustea gauza benetan ederra da.

Guraso bezala desberdin biziko dituzu pestak, ezta?

Bai noski, pestak beste modu batean pasatzen ditugu orain, umeen erritmoa jarraitu behar da… askotan neketsuagoa dena!

Zein nahiago dituzu, Saldiaskoak edo Itsasokoak?

Bi herritako pestak ongi daudela uste dut. Ama bezala, egia da Saldiasen gauza gehiago daudela umeentzako, baina Itsasokoak bereziak dira niretzat.

Zein dira zure asmoak epe motzera?

Orain arte bezala jarraituz gero, ni pozik.

Eta epe luzera?

Etorkizunean lan mundura itzultzea gustatuko litzaidake.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun