Aukeratu dituzten zazpi film laburretako bi euskara hutsean eginak dira, bertze bat euskaraz, gaztelaniaz eta marokoar darijaz, eta bertze lauretan gaztelania erabili dute hizkuntza nagusitzat. Ekaitz Bertiz Apezetxea sunbildarraren Erreka zoko hortan lanarekin batera, hauek osatuko dute Kimuak katalogoaren aurtengo uzta: Dicen que tu padre (Aitor Abio), El regalo (Lara Izagirre), Habana industrial (Ainhoa Ordoñez Yraolagoitia), La mancha del jaguar (Ricardo del Conde), Ultramarino (Maren Zubeldia eta Silvina Guglielmotti) eta Sueños de viernes (Harrotu Ileak kolektiboa).
Euskal film laburrak sustatu eta zabaltzeko helburuarekin, Etxepare Euskal Institutuak antolatzen du Kimuak programa, eta Zineuskadik kudeatu. Urtero bezala, euskal film laburren hautaketa hau nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ekimen garrantzitsuenetara bidaliko dute.