Ekaitz BERTIZ

«Zinemak nahi dudana kontatzeko askatasuna ematen dit»

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 21a, 10:00
Bertiz zinematografia ikasketak egiten ari da Bartzelonan. Aurtengoa azken ikasturtea izanen du eta ikasketa bukaerako bere lana 'Erreka zoko hortan' filma izanen da.

Ekaitz BERTIZ APEZETXEA, Sunbillako zinemagilea

Zinemagintzako ikasketak egiten ari da Sunbillako gaztea eta hainbat film egin ditu dagoeneko, baita sariak hartu ere. Hainbertze gustatzen zaion bide horretan segitu nahi du lanean.

20 urte bertzerik ez ditu Ekaitz Bertiz Apezetxeak (Sunbilla, 2003), baina zinemaren munduan bere arrastoa uzten ari da. Hainbat film luze eta labur sortu ditu dagoeneko, eta egindako lanaren aitortza ere hartzen hasia da, bere lanetako batzuk saritu baitituzte. Kontent eta ilusioz sumatu dugu Sunbillako gaztea, hainbertze maite duen bide horretan ereiten segitzeko gogotsu. Gaur egun, Terrassako (Bartzelona, Herrialde Katalanak) Escac unibertsitatean Zinematografia Gradua egiten ari da. Ikasturte hau izanen du hondarrekoa, eta hortik sortuko du bidean duen bertze film laburra. Orain artekoaz eta hemendik aitzinerakoez aritu da TTIPI-TTAPArekin. 

Nola aurkeztuko zenuke zeure burua? 

Alaia, mugitua eta beti gauzak ikasteko prest dagoen mutil bat naiz. Munduak kristoren jakin-mina sortzen dit, eta naturaren eta gizakien alderdirik ezkutuenak ezagutzen saiatzen naiz. Horrek lotura zuzena du ikasten ari naizenarekin. Aldi berean, naturarekin lotura handia dutela pentsatzen dut, beti ingurunean gertatzen diren gauzak ulertzen saiatzen naiz. Dena den, neure burua hagitz polita deskribatu dut, baina Leo bat naiz eta aunitzetan nire burugogorkeriak presentzia handia du. Zerbait lortzen ez badut, ez dago hori burutik aterako didanik.

Zer afizio dituzu? 

Afizio aunitz ditut, baina bi munduren artean banatzen dira, nahiz eta aunitzetan, biak bat egiten saiatzen naizen. Alde batetik, kirola eta natura maite ditut. Kirola nire bizitzan hagitz garrantzitsua da, batez ere, kanpoan egiten dudana. Gorputza nekatu bidenabar, haize freskoa hartzea eta paisaia ikusgarrietan ibiltzea maite dut. Kirol bat baino gehiago egiten ditut, baina batez ere eskalada eta mendian ibili. Altueran eta adrenalinarekin bizirik sentitzen naiz, eta bi kirol horiek emozio horiek ematen dizkidate. Bertzetik, bidaiatzea aunitz maite dut, paisaiak ikusi, kulturak ezagutu, toki exotikoetan kirola egin, lurralde bakoitzeko berezitasunak eta arrotz egiten zaizkigun ohiturak ikasi... Nire bertze afizio nagusiak zinema eta argazkilaritza dira. Ttikitatik gustatu izan zait artearen mundua: antzerkia, eskulanak, dantza... Etxekoengandik eskuratu dudala uste dut: ama ile apaintzailea da, dantzaria eta eskulanekin aritzen da, aitak arte handia du eskultura gisakoak egiten, Arantzako atautxi egurrezko eta burdinazko kamioiak eta kotxeak eta birziklatutako materialekin eskulanak egiten aritzen da, Sunbillako atautxi kaikuekin... Aunitzetan galdetu izan dit jendeak zinemagintzako afizioa nondik heldu zaidan. Eta gure familian ez dago zinemazalerik, baina zinema arte guztien nahasketa dela ulertzen dut: antzerkia, argazkilaritza, eszenografia, gidoia, musika, dekoratuen eraikuntza, arropen diseinua eta prestaketa, makillajea, ile apaindegia... Nik uste hortik heldu zaidala afizioa. Horrez gain, beti gustatu izan zait istorioak asmatzea eta munduak, pertsonaiak, egoerak... sortzea. Zinemak nahi dudana kontatzeko askatasuna ematen dit. Izan ere, norberak aukeratzen du zer den kontatu nahi duen hori kontatzeko ikusleari erakutsiko diona, eta zer den ikuslearen irudimenean sortzen utziko duena. Hori da azken finean zinemaren grazia. 

Zer moduko esperientzia izaten ari da Bartzelonako egonaldia? 

Hagitz esperientzia aberasgarria. Etxetik kanpo egoteak badakigu zenbat onura dituen. Horrez gain, unibertsitatean hainbertze jende klaserekin tratatzeak bertze hainbat gauza erakutsi dizkit. Hasieran arrotza egiten zitzaidan, baina poliki-poliki zure tokia egiten duzu, eta horrek aunitz balio du zer nahi duzun eta zer ez ohartzeko. Gero eta argiago dut konfort eremutik ateratzea ona dela, beti ikasten baita zerbait, mundu guztiak duelako zerbait erakusteko. Unibertsitatean egoteak balio izan dit bizi garen tokian bizitzeagatik zenbateko suertea dugun eta ditugun harremanak zeinen baliagarriak diren ohartzeko. Gainerakoan, irakasgaiei dagokionez, aunitz ikasi dut. 

Zergatik hartu zenuen bide hori? 

Argi nuen zinemaren alorretik jo nahi nuela, eta zerbait buruan sartzen bazait, egiteko beharra sentitzen dut. Hala ere, ez zen kapritxo bat, benetan bizi dut. Eta horrekin batera, gurasoek eta familiak beti lagundu didate, eta suerte horri esker, mundu mailako ikasketak egiteko aukera izan dut.

Bertizen 'Hitza Eman Nion'' film laburreko irudi bat.

Dagoeneko hainbat film egin dituzu. Zer kontatuko zeniguke? 

Eustakio filma koronabirusaren ondoko garaian egina da, lagunekin eta familiarekin. Nire bigarren film luzea da, eta urkatze misteriotsu batzuek herriko kuadrilla batean zenbateko eragina duten kontatzen du. Eklipsi morala unibertsitateko lehenbiziko film laburra izan zen. Leurtzan grabatu nuen nire lagun minekin: Garazi Etxalar, Lorena Mariñelarena, Mikel Mariezkurrena eta Olatz Mutuberriarekin eta osaba Daniel Bertizekin. Pelikula mutua da, eta sorginen inkisizio garaiko gertaera bat kontatzen digu, non deabrua ez den hain deabru, eta aingerua ez den aingeru. Baserria hartu du gaitzak, berriz, lehenbiziko mailan grabaturiko azken laburra da. Baserri bateko familiaren istorioa kontatzen digu Saioa bikiaren ikuspuntutik. Aitak eta amak, sufrimendua akitzeko, gurpildun aulkian dagoen Aintzane alaba pozoituko dutela ohartuko da Saioa. Tragedia gertatu aitzinetik anai-arrebak Aintzaneren ametsa betetzen saiatuko dira: itsasoa ikustea. Hitza eman nion lanean Teresa eta Martin umezurtz gelditu dira eta Pilartxo dute zaintzaile. Hala ere, anai-arrebek ez dute inguruan neska onartuko, ezin izanen baitute hil berri zaien aitari agindu zioten zeregin susmagarrian lan egin.    

Zer ikasi duzu lan bakoitzarekin? 

Gauza aunitz. Akatsak ez errepikatzen saiatzen zara. Joan den urteko film laburrerako bederen gauza bat argi ikasi dut: pertsonaia protagonista bakarra aukeratzea. Orain arte ez dut argi utzi noren ikuspuntutik kontatu istorioa, eta horrek ez du laguntzen ikusleak protagonistarekin erabateko identifikazioa izaten. 

'Hitza eman nion' lanean, Amaia Apezetxea Ekaitzen ama gibeleko lanetan.

Egindako lanaren aitortzak hartzen ari zara. Eklipsi morala, adibidez, Madrilgo III. Actrum, International Film Jaialdian saritu zuten eta Hitza eman nion lanak EITB Ikusleen Saria hartu zuen Lekeitioko 46. Euskal Zine bileran... 

Hagitz kontent nago emaitzekin. Edozein moduz, beti ni zoriontzen naute zuzendaria izateagatik, baina lan bakoitzaren gibelean talde handia dago: ekipo artistikoa (aktoreak) eta teknikoa (kameren gibeleko guziak). Pelikula baten emaitza denona da, denok paratu baitugu zati ttiki bat azken emaitza osatzeko. Eta polita eta hunkigarria da talde osoa hainbertze lan eman eta denbora hartu digun proiektuaz gozatzeko jaialdi bateko pantaila baten aitzinean jartzen gareneko momentua. Aitortza horiek lanean segitzeko bulkada dira, eta lan hobeak sortzen saiatzeko motibatzen naute.  

Erantzun ona izaten ari dira... 

Bai, eta hitz politak aditzea hagitz polita da, gustatu egiten zait. Nori ez? Baina kontziente naiz hainbat akats egin ditudala pelikuletan, eta horiek hobetzeko kritika egiten dutenei aditzea gustatzen zait. Kanpoko ikuspegi objektiboa baliagarria da ondoko proiektuetan akatsak ez errepikatzeko. 

Lagunak eta familiakoak paratu izan dituzu aktore. Zer moduz? 

Familiakoek eta lagunek nire proiektuetan parte hartu nahi izateak kristoren harrotasuna sortzen dit. Gainera, hainbatek kameren aitzinean balio dutela ikusita, zergatik ez ari beraiekin? Bertzeek, berriz, kameren gibeleko lanean kristoren laguntza ematen digute. Gisa berean, aktore ez profesionalekin grabatzea erronka moduko bat dela iruditzen zait. Ez dute inoiz aktore klaserik hartu, eta ondorioz, zuzentzeak bertze behar batzuk eskatzen ditu. Nire kasuan hagitz eroso sentitu naiz. Bertzetik, ezagunak ez diren aurpegiak agertzeak pelikulak berezi egiten ditu. Pelikularen magian gehiago sartzen laguntzen du, bertze lanek ez duten berezitasuna bermatuz. Beraz, beraiekin segituko dut lanean.

'Baserria hartu du gaitzak' filmeko irudi bat.

Euskara, euskal kultura, gure herriak eta paisaiak... Horiek ere ageri dira zure lanetan. Zergatik? 

Bartzelonara joan nintzenean segidan sumatu nuen etxearen falta: nire mendiak, kultura, ohiturak, jendea, hizkuntza... Nostalgia moduko bat sortu zitzaidan eta horregatik hasi nintzen gai horiek lantzen. Baina ez da arrazoi bakarra; izugarri maite ditut gure bazterrak, gure kulturaren misterioak, euskara... Hori guztia ikusarazten saiatzen naiz, Euskal Herritik kanpo gure berri ematen. 

Zer egoeratan ikusten duzu euskarazko zinemagintza? 

Euskarazko zinemagintzak ikaragarrizko indarra duela seguru nago. Kanpoko jendeak hagitz ongi hartzen du. Euskara bera hagitz hizkuntza berezia da, eta hori da arrazoi nagusia. Benetako jakin-mina duen jendeak hizkuntza zaharra baloratzen du, eta azpitituluekin ikusteak ez dio inongo esfortzurik sortuko. Hor dago bikoizteko aukera, baina pelikula bat bere oinarrian ikustea funtsezkoa dela iruditzen zait. Hizkuntza bakoitzak badu bere ahoskatzeko modua, eta ondorioz, zerbait kontatzeko modu bakarra. Bertzetik, euskal kulturak eta bertako ohiturek hagitz balio berezia, aberasgarria eta magikoa dute. Hori guztia gurea da eta euskaldunok zaindu behar dugu. Dena den, nahiz eta oraindik ikasteko aunitz dudan, uste dut gaur egungo euskal zinemagintzak erronka argia duela; ez da nahikoa jende kopuru murritz batek kontsumitzea. Interesgarria da maila guztietako ikusleei ailegatzea gure herria, hizkuntza... eta horretarako modu egokian kontatu behar ditugu istorioak. 

Zer transmititu nahi izaten duzu? 

Istorioaren aldetik hagitz lan desberdinak egin izan ditut orain arte, baina denek elementu bera dute: taldearen indarra. Nahiz eta lagun talde bat izan, elkarri lagunduz gauzak hobeki ateratzen dira. Zineman ere hori gertatzen da, bakarrik ez dago inora joaterik, eta bizitzan ere ez. Beti dugu bertzeengandik zerbait ikasteko, ez baitakigu dena. Nire burugogorkeria aunitzetan hortik doa: hagitz bakartia naiz, baina, tarteka, ikasi behar dut taldean emaitza hobeak ateratzen direla, eta hori bizitzan ere aplikatu. 

'Eklipsi morala' laneko irudi bat.

Halako lan bat egitea ez da egun batetik bertzerako kontua... 

Halako proiektu batek denbora eta diru aunitz eskatzen du. Proiektu bakoitzak bere beharrak ditu, eta proiektuaren araberakoa da behar den denbora. Hiru fase dira: preprodukzioa, produkzioa eta postprodukzioa. Hitza eman nion lanarekin, adibidez, 2022ko azaroan hasi ginen gidoiarekin eta ekoizpen lanekin: lokalizazioak, arropak... Ondotik, grabaketa etorri zen. Hiru egunez egin genuen, pixka bat presaka, baina profesionalki egiten dituzten grabaketetan gurea bezalako film labur bat grabatzeko aste bat eta erdi edo bi pasatzen ahal dituzte. Eta akitzeko, muntaia eta apainketa egin behar da: soinuaren postprodukzioa, kolorea, efektu bereziak... Gure film laburra 2023ko abuztuan akitu genuen. Baliabide aldetik ere material pila behar da: Argazki materiala (kamerak, tripodeak, optikak, tresneria, fokuak, palioak...), arte materiala (guk etxeko eta inguruko herrietako materiala erabili genuen), soinua (pertxa, mikrofonoa, grabatzailea...). Eta horrez gain, guttiago ikusten diren gastuak: taldeak lo egiteko tokia, mantenua, furgoneta materiala garraiatzeko, bidaietarako gasolioa... Gurea nahiko talde ttikia zen eta amatxiren baserrian egin genuen lo eta bi amatxik janari goxo-goxoa prestatu ziguten. Unibertsitateak laguntza handia ematen digu, baina bertze aunitz gure sakelatik egiten dugu. Horregatik saiatzen gara laguntzak eskatzen. 

Baduzu bertze proiekturik?

Bai, ikasturte honetan ikasketa bukaerako lana egin behar dut eta film labur bat izanen da. 2022ko martxoan hasi nintzen ideia pentsatzen eta taldea biltzen. Taldekide gehienak Hitza eman nionekoak dira, baina gehiago izanen gara, proiektu handiagoa baita. Gidoia idazten hasiak gara eta urri hondarrean lehenbiziko grabaketak egin genituen. Filma apirilaren 2tik 8ra grabatuko dugu Euskal Herrian, baina lehenagotik proba batzuk egin ditugu apirileko grabaketan emaitza hobea ateratzeko. Erreka zoko hortan izanen du izena, eta 1960 inguruko Bidasoaldeko kontrabandoari buruzkoa izanen da. Euskal mitologia ere presente izanen da, eta lamia agertuko da, edo hori usteko du Joxepi protagonistak. 

Etorkizunerako zein asmo dituzu? 

Gradua aurten akituko badut ere, hagitz gustura nago hirugarren mailako ikasgaiekin. Ikasketak zuzendaritzara bideratuak ditut. Donostian badira ikasketak eta kanpora joateko aukera ere ez dut baztertua, baina kasu honetan denboraldi laburrerako izanen litzateke, ez hiru urtetarako. Euskal Herria aunitz maite dudala ohartu naiz. Kanpora ateratzea aunitz gustatzen zait, baina horrek gure bazterrak bezalakorik ez dagoela oroitarazteko balio dezala.

Labur-labur
  • Ikus entzunezko lan bat? The Witch. 
  • Zuzendari bat? Robert Eggers.
  • Telebista edo zinema duzu nahiago? Zinema.
  • Zein genero duzu nahiago? Beldur psikologikoa.
  • Grabatzeko kamara bat? Arri Alexa Classic.
  • Filmatzeko toki bat? Leurtza.
  • Fikzioa edo egiazko istorioak nahiago dituzu? Aurreiritzi aunitz daude dokumentalen eta fikziozkoak ez diren istorioen inguruan, eta hori halaxe kontsumitu dugulako da. Unibertsitatean, ordeak, begiak zabaldu zaizkit, inoiz ikusi gabeko dokumentalak erakutsi baitizkigute. Dena den, niri fikzioa gehiago gustatzen zait. 
  • Bartzelona edo Euskal Herria? Euskal Herria.
  • Kirol bat? Eskalada.
  • Nora bidaiatuko zenuke? Nora ez? Bat aukeratzekotan, Kanadara.
  • Amets bat? Lagunekin eta familiarekin ekoitzitako film luze batekin munduari bira ematea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun