Atzoko «berri txarra» gogoan, Naroa Elizalde Etxekoloneak pilotan egindako ibilbidea oroitarazi du Ados elkarteak ohar bidez: «Naroak, Elizalde abizena soinean zeramala egin zuen profesionaletan debuta Leitzan 2021ko ekainaren 4an. Ttiki-ttikitatik Zubietako plazan hazi eta hezitako pilotari ttiki hark bere ametsa betetzeko aukera izan zuen orduan. Gerora, beste pilotari batzuk egin duten moduan amari aitortza eginez Etxekolonea abizenarekin aritu izan da».
Elkartearen hitzetan, «bidea ez zen inolaz ere erraza izan: Pilotan jokatzeari utzi behar izan zion emakume askori gertatu bezala eta hainbeste urte pasatu ondotik itzultzeko egin behar izan zuen lan eskerga sekulakoa izan zen. Zenbat ordu, zenbat entrenamendu saio». Adosek «Naroak egunetik egunera hobea izateko» egiten zituen «aparteko saioak» azpimarratu ditu, eta beti «irribarrea ahotik kendu gabe, beti lanerako prestutasun ikaragarria erakutsiz». Hori guzia, «irakasle lanarekin eta Ados Pilota eskolako haurren Sunbillako taldeaz arduratuz» egin izan duela gaineratu du.
«Borrokalari nekaezina»
Bere mailarik hoberena Adoseko Udaberri Torneoan eman zuela ere adierazi dute, «baliteke bertsoekiko zuen afizioak bultzatuta: Bertan ditu garaipenik garrantzitsuenak eta azken txapela ere iaz, bertan jantzi zuen. Xebastian Lizaso handiaren gidaritzapean, final horretan bertan erakutsi zuen borrokarako gaitasunak bikain definitzen du Naroa. Borrokalari nekaezina».
Baina geroztik pilotalekuetatik kanpo tokatu zaio borroka egitea, eta kasu horretan ere «bukaera arte erakutsi duen indarra eta kemena» nabarmendu ditu Ados Pilotak: «Barrenean zuen guzia eman duen arren, oraingoan ez du 22ra ailegatzerik izan. Baina bidean utzi dituen bizitza lezioak maite eta ezagutzen zaitugun guziondako bereziki betiko geldituko dira».
Omenaldia
Binakako txapelketa bete-betean izanda, Adosek onartu du asteburu honetako jardunaldia alde batera uztekotan ibili direla. Baina azkenean, aurrera segitzea erabaki dute: «Badakigu berak horrela nahiko lukeela. Zaila izanen da, baina dugun hoberena ateratzen saiatuko gara ispilurik hoberena begira dugun bitartean». Binakako txapelketa Naroaren omenez jokatzen ari dira, eta txapelketako finalaren egunean, martxoaren 29an, «merezi duen omenaldia eginen diogu». Hala iragarri du Ados elkarteak.
Esker oneko hitzekin akitu du oharra: «Eskerrik asko Naroa, itzaletatik argira nola ateratzen den erakusteagatik; ezina ekinez egin daitekeela ikusarazteagatik; familia honen parte izan eta eman diguzun guziagatik; eta Ados Pilotaren oihartzuna munduko txoko guzietara zabaltzeagatik. Maite zaitugu, Naroa!».