Ongi pasatzeko egunak
Zubietako inauteriak «gauza ederra dira, sentitu egiten direnak eta barrenean eramaten ditudanak, bai nik eta baita zubietarrek ere. Betitik egin dira eta herriarenak dira, denok parte hartzeko».
Ttikitan ongi ezagutu zituen inauteriak; «etxeko ataritik ikusten genituen, kanpora atera gabe. Bestela zanpatu egiten gintuzten! Errege bezperan ttikienak ateratzen ginen, eta hor bai ibiltzen nintzen». Horrez gain, «gazteak etxez etxe ibiltzen ziren bazkalondoan, gure anai zaharrena zena ere bai, eta oso polita zen».
Geroztik, ez zuen inauterietara bueltatzeko aukerarik izan 20 urteak bete arte; «1966an lehenbiziko aldiz atera nintzen joaldun, eta hurrengo urtean ere, kasualitatez soldaduskan baimena eman zidatelako». Fabrikan lanean aritu zen 12 urtez, eta Ameriketara artzain joan zen lau urtez. «Hortaz, gaztetan ez nituen gehiago inauteriak egin. Ameriketatik bueltan berriz ere joaten hasi nintzen, baina ez nintzen joareekin ateratzen. Gauzak uzten direnean, berriz ere hastea asko kosta egiten da. Lotsa ematen zidan».
«Bizi guzian izan nuen berriz ere hasteko gogoa», eta 47 urterekin lotsak alde batera uztea eta desfilean parte hartzea erabaki zuen: «gaur bai, eta kitto». Azaldu duenez, ordurako egoera asko aldatu zen; «inauteriek, bere horretan, berdin segitzen dute, baina festa egiteko modua aldatu da. Haurrak kanpora ateratzen dira, gu ez bezala. Astazakilak izaten segitzen dugu, baina orden baten barrenean». Gainera, «orain desfilea gauza serioa da, ordenatua, eta ahalik eta hoberen egiten dena. Joaldun eta mozorro pila ateratzen dira».
Desfilean ateratzen hasi zenetik, 69 urteak arte urtero atera zen joaldun, «eta gero sei-zortzi urtez aritu nintzen artzain. Desfilearen erdian ibiltzen nintzen, pausoa eramaten». Aitortu duenez, «artzainaren papera itxurakeria bat da, bakarren batek pausua galtzen badu laguntzeko pentsatua. Baina joaldunek hain serio hartzen dute desfilea, ez dutela beharrik izaten, eta norbaitek pausua galduz gero, ondokoak segidan esaten dio». Hala ere, «norbaitek egin beharreko gauza da, serio hartzeko konpromisoa».
«Festa egiteko modua asko aldatu da; astazakilak izaten segitzen dugu, baina orden baten barrenean»
Gibelera begira, «oso gustura atera izan naiz. Beti esan dut lekuetara berandu xamar ailegatu naizela, eta gaztetan ezin izan ditut egin herrikoek egindako gauzak. Horregatik, niretzako oso inportantea izan da». Izan ere, «Zubietatik atera nindutenean gauza asko galdu nituen, eta traumatikoa izan zela ere esanen nuke. Aita Lezon aritzen zen lanean, eta haurra nintzela hil egin zen. Entierrora eraman ninduten, eta hurrengo astean jada han hasi nintzen eskolan. Orduko 11 urteak ez ziren oraingo 11 urteak, ez genituen matematikak ongi ezagutzen, baina bagenekien bizia zer zen, puntatik puntara».
Beste modu batean disfrutatzen
Orain, berriz, «inauteriak ikustera joaten naiz. Beste modu batera bizitzen dira, baina oso polita da». Izan ere, desfilea baino gehiago dira inauteriak; «puska biltzea, adibidez, oso polita da. Gainera, 13 otordu ditugu, eta hor izena eman eta gustura ibiltzen gara. Ongi pasatzen dugu».
Astelehena da gehien gustuko duen eguna; «joaldunak Iturenera joaten direnean. Zubieta oso ttikia da, plaza segituan betetzen da eta ez da deustarako lekurik izaten». Hala ere, «hori Iturenen ere gertatzen hasia da, gero eta jende gehiago joaten baita ikustera. Pentsa, 20 urte nituenean, plazan gu bakarrik egoten ginen, eta orain ezin kabituz! Foralek ere behin esan ziguten: vais a morir de éxito».
Gaurko gazteak «erabat inplikatzen dira inauterietan, gehiegixko, esanen nuke. Ttikitatik hasten dira, eta horrek aspertzeko arriskua duela iruditzen zait. Baina mundu guztia aritzea oso polita da, zakarkeria sobera egin gabe. Gero eta finagoak gara, baina hala ere, joatekoak direnei beti esaten diet arropa zaharrekin joateko, badaezpada».
Etorkizunera begira, «astebururo eta ahal dugun guztietan herrira joaten segituko dugu, etxe ingurua txukun edukitzeko». Zubieta «lasai egoteko» lekua dela dio, «nahiz eta etxean beti dugun egiteko zerbait, lanik ez dugu falta».