Goizeko lehen orduan baserritik herrirako bidea eginen dute aziendek, eta horiek ikusteko aukera izanen da Merkatu Plazan eta inguruetan, 10:00etan hasi eta 14ak arte, guti goiti-beheiti. Inguruko baserrietako abelbururik ederrenak ikusteko aukera izanen da baina, ohikoa den gisan, ez da lehiaketarik eginen, erakusketa bakarrik izanen da. Abelburuez gain, baserri lanetarako makinaria berriaren erakusketa ere izanen da tenore berean Bordatxo inguruko aparkalekuan.
Herriguneko karriketan, aldiz, salgaiak erosteko aukera izanen da egun osoan. Alde batetik Doneztebeko merkatariek beren produktuak dendatik atera eta karriketan paratuko dituzte. Herriko merkatariez gain, kanpotik etorritako saltzaileak ere izanen dira Donezteben. Jatekoak zein bertzelako produktuak erosteko aukera izanen da: arropak, aterkiak, zapatilak, etxerako objektuak, eztia, gasna, postreak... Estimu haundia izaten duten taloak dastatzen ahalko dira eta ikasleek postuak paratuko dituzte ikas bidaiarako dirua lortzeko. Iaz bezala, aurten ere Lapaitza Gazte Asanbladak Herrigunean ostatua paratuko du eta egun osorako egitarau zabala prestatu dute.
Herrigune parean, Ernai antolakundeak postu informatiboa paratuko du 10:00etatik 14:00etara. Bertan, boletoak eta kamisetak paratuko dituzte salgai, dohaintzak egiteko aukera ere izanen da, eta informazioa hartzeko gunea ere paratuko dute.
Herri kirolak arratsaldean
Arratsaldean, aldiz, azken urteetan bezala herri kirolak izan dira protagonista Ezkurra pilotalekuan. Nafarroako Lehenengo Mailako Aizkora Txapelketaren finala jokatuko dute bertan, 18:00etan hasita, eta azken urteetako ohitura betetzen bada, frontoia goraino beteko da. Sarrerek 15 euroko prezioa izanen dute eta han bertan erosten ahalko dira.
Lekunberrin jokatu zuten finalerako kanporaketa urriaren 13an, eta bortz lagunek lortu zuten final preziaturako txartela: Iker Vicentek, Txomin Amundarainek, Joxean Etxeberriak, Ibai Soroak eta Jon Rekondok. Bortz kirolari horiek ariko dira lehian, beraz Ezkurra frontoian.
Herri kirolak bukatuta, bestak segituko du goizaldeko ordu txikiak arte, eta bestarako gogoz denak non dantzatua eta gozatua izanen du Donezteben.