LAPAITZA BERTIZANARAKO ETA MALERREKAKO GAZTE ASANBLADA

«Besta eredu feminista, euskalduna eta segurua sortu nahi dugu»

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 13a, 09:00

Egun osorako egitaraua antolatu dute Lapaitzako kideek.

Aurten bigarren aldiz Doneztebeko feria egunean ostatua paratuko du Lapaitza Malerrekako eta Bertizaranako Gazte Asanbladak Herrigunean.  Besta eredu alternatibo bat sustatu nahi dute horrela, eta baita jendea gazte asanbladara hurbiltzea ere. Lapaitzako kideek kontatu dutenez, «gure herrietan dugun besta ereduari buelta bat eman eta bertze eredu bat sortu eta eskaini nahi dugu, euskalduna eta feminista izanen dena, denok tokia izanen dugun besta bat eta denok goza dezakeguna».

Bide horretan, Herriguneko eremua  «besta gune segurua izatea» nahi dute eta horretarako lan eginen dutela nabarmendu dute: «Pertsona guztiak errespetatuak izanen diren eremua izatea nahi dugu. Horregatik argi utzi nahi dugu ez direla jarrera guztiak onetsiko, ez dugula erasorik onartuko, eta horretarako protokolo bat ezarriko dugula». 

Iazko arrakastaren ondotik hartu dute Lapaitzako kideek aurten ere Herrigunea besta eremu bihurtzeko erabakia. «Balorazio hagitz positiboa egin genuen. Egitaraua bere osotasunean bete zen, ez genuen inolako arazorik izan, eta jende dezente bildu zen». Gainera eguneko ekitaldiez gain, arratsean izandako arrakastak ere animatu ditu aurten ere egitaraua antolatzera, izan ere, iaz arratseko bestan lortu zuten «bilatzen dugun eredu alternatiboa betetzea». Malerrekan horrelako espazio bat irekitzea «aurrerapauso» handitzat dute Lapaitzakoek. «Asanbladatik kanpoko jendea arrunt eskertua azaldu zen iaz irekitzeagatik, eta horrek errepikatzeko gogoa haunditu digu», azpimarratu dute.

Egitarau zabala

Feria giroa Herrigunera zabaltzeko ahalegina eginen dute aurten ere. Horretarako egitarau zabala osatu dute Lapaitzakoek. 09:30etik aitzinera bigarren eskuko eta herri mugimenduko gauzen azoka paratuko dute, eta gosaltzeko aukera ere izanen da. Ondotik, eguerdian bermut musikatua eginen dute, eta bazkalorduan, feria egunean hain ohikoa izaten den bazkaria eginen dute.

Bazkari autogestionatua izanen da, herritar denei irekita. Horretarako, bakoitzak elkarbanatzeko zerbait eraman beharko du, eta denen janaria elkartuta osatuko dute otordua. Ilunabarrean, aldiz, musikaren txanda izanen da, 19:00ak aldean hasita kontzertuak izanen dira. Iruñerriko Gezurra taldea izanen da jotzen lehena, eta ondotik Lapurdiko Kode taldeak hartuko dio lekukoa. Afaltzeko aukera izanen da eta, arratsa borobiltzeko, Fifi ta Fefa eta DJ SorPresa izanen dira. 

Besta eta lana, biak batera

Lapaitzak antolatzen duenez, eta laneko manera asanblearioa dutenez, feria egunerako egitaraua ere manera berean antolatu dute. «Egitaraua joan den urtean ongi atera zenez, aurten errazagoa egin zaigu osatzea egitura berdina segitu baitugu». Hala ere argi diote, «beti ideia berrietara irekita gaude eta denon artean bilatzen dugu adostasuna». 
Egitaraua osatuta, lanerako ere txandaka antolatzen direla kontatu dute: «Lan dezente egin behar da eta hainbat txanda ditugu ostatua prestatzeko, gaueko ogitartekoak egiteko eta barran zerbitzatzeko adibidez». Txanda horiek gazteak asanbladara hurbiltzeko aukera gisa ikusten dituzte, «asanbladaren martxa hartzeko eta giro ona sortzeko gure artean».  Ostatuan lortutako dirua Malerrekako eta Bertizaranako gazteria berpizteko eta eskualdeko eskaintza zabaltzeko erabiliko dituzte.

Gaztetxea aldarri

Azken hilabeteak feria antolatzen eman badituzte ere, bertzelakoetan ere aritu dira, Lesakan egin zuten Sorgin Gaua antolatzen eta Palestinaren aldeko elkarretaratzea antolatzen, bertzeak bertze. Hala ere, gaur egun, barrenera begirako lanean ari direla azaldu dute: «asanbladaren funtzionamendua fintzen, eta etorkizunera begira helburua zehatzak zehazten ari gara, baita hainbat hausnarketa egiten ere, adibidez jende berria gurera atxikitzeko».

Asanblada sortu zutenetik izandako aldarrikapen nagusienetako bat da Malerrekak eta Bertizaranak Gaztetxe baten beharra daukatela. «Aunitzetan ez dugu gure egunerokoan bizitzen ditugun zailtasunak eta zapalkuntzak elkarbanatzeko eta problematizatzeko aukerarik eta espaziorik ere. Espazio hori modu anitzetan irudikatu daiteke, baina gaztetxearen forma hartu behar duela uste dugu guk». Gaztetxeari bertze funtzio batzuk ere aitortzen dizkiote, aisialdi alternatiboa garatzeko gune izatea, sormenarentzat leku librea izatea, elkar ezagutza sustatzeko espazioa izatea eta eskualdeko eragileen lanketa garatzeko espazioa izatea bertzeak bertze. 
Feria egunean gazteak elkartzeko lekua izanen da Herrigunea, beraz. Antolatutako egitarauan parte hartzera eta txandak egitera  gonbidatu dituzte Lapaitzakoek eskualdeko gazteak:  «Uste dugu giro arrunt polita lortu dugula aurten ere eta denek gozatzeko lan pixka bat ere egin beharko dugula».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun