N-121-A

Sunbilla eta Endarlatsa arteko zatiaren proiektua hobetzeko alegazioak prest ditu Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 28a, 16:00

TTIPI-TTAPAk asteburuan adierazi bezala, Sunbillako Arrigazteluko tuneletik Endarlatsara bitarteko zatiaren behin-behineko proiektua jende aitzinean paratua du Nafarroako Gobernuak. Azaroaren 3an bukatuko da alegazioak aurkezteko epea, eta Berako Udalak hobetu beharreko hainbat puntu ikusi ditu. Informazio osatua albiste barrenean.

N-121-A errepidea 2+1 bihurtzeko bosgarren eta azken zatia da Sunbillatik Endarlatsara doana. Berako Udalaren ustez, «2+1 bihurtzea itxuraz aukera ona da, baina bosgarren zati honetan ez, bidean dauden tuneletan, zubietan eta bertze zati batzuetan ez baita deus eginen, eta ez dago errei gehigarririk ibilbidearen erdian». Hala ere, «zenbait puntutan laugarren erreia paratzeko esfortzua» begi onez hartu du.

Behin-behineko proiektuaren memorian ageri denez, abiadura maximoa 90 km/h-koa izanen da, eta salbuespen kasuetan, 80 edo 70 km/h-koa. Horren harira, datu zehatzak atera ditu Berako Udalak: «90 km/h-ko gehieneko abiadura ibilbide osoaren % 16an bakarrik izanen da; 80 km/h-koa ibilbidearen % 61ean, 70 km/h-koa % 21ean eta 60 km/-koa % 2an». Datuak aurreproiektutik hartutakoak direla argitu du Berako Udalak.

N-121-A errepideko «trafiko handiaz, batez ere kamioienaz» ere aritu da Berako Udala. Eta argi mintzatu da: «Proposatutako diseinua hankamotz gelditzen da egungo eta etorkizuneko trafikoari erantzuteko». Gehiago ere bai: «Errepide honen disenuaren eta trafikoaren arteko harremanak Nafarroako errepide nagusien artean okerrena izaten segituko du. Hori hobetzeko bide bakarra ibilgailu astunen trafikoa murriztea edo kentzea da».

Hortik aparte, segurtasuna hobetzeko egin diren hobekuntzak txalotu ditu Berako Udalak: «kontrako erreia inbaditzea, ezkerrera biraketak, bidegurutzeak…». Hala ere, zenbait puntutan «ezkerrera egin beharreko biratzeak ez kentzeak kezka» sortzen dio, «adibidez, Etulain, Lanz edo Sunbilla iparraldeko loturek».

Gogoeta partikularrak

Gogoeta orokor horietatik haratago, bertzelako puntu zehatzetan ere paratu du arreta Berako Udalak, «kezka» sortzen diolako.

Erreiaren zabalera

Berako Udalak argitu duenez, «araudiaren arabera, gehituko duten bertze erreiak 3,50 metroko zabalera izan beharko luke. Ez dugu entenditzen zergatik murriztuko duten 3,25era, eta are guttiago bosgarren zati honetan, errei gehigarri guztiak bihurguneetan direla kontuan hartuta. Dagoeneko eginak diren zatietan, kamioiak ez badira euren erreien erdian jarriak izaten –eta bihurguneetan ez dira erdian jartzen–, bidea estu gelditzen da kamioiak aitzinatzeko».

Erdiko barrera metalikoa «sinplea eta arriskutsua»

Kontrako noranzkoa duten erreiak bereizteko erdian paratu nahi duten barrera metalikoa «sinplea eta arriskutsua» iruditzen zaio Berako Udalari. Orain arte izan diren istripuetan garbi ikusi da barrerak eta euskarriak erraz erortzen direla eta kontrako erreira pasatzen ahal direla. Horrek arriskua areagotzen du». Horrez gain, «motor gidarientzako arriskutsua iruditzen zaigu. Beharbada, bazterretan paratzen diren barreren gisakoak paratu beharko lirateke, altura mantenduz».

Trafikoa NA-1210 errepidetik bideratzea

Memorian aurreikusi bezala, Etxalarko Bentan gaineko pasabide berria eraikita, Irunera doan trafikoa errepide zaharra dagoen tokitik bideratu nahi dute. Alegia, gaur egun, Nabasturen paretik Etxalarko Bentara dauden bi erreiak Iruñera joateko erabiltzea aurreikusia dute eta proposamen horrek «Iruñerako trafikoa arinduko lukeen arren, Endarlatsara doana are gehiago oztopatuko luke» udalaren hitzetan, «bihurguneak tarteko arriskutsua izateaz gainera, luzeagoa eta mantsoagoa izanen bailitzateke». Berako Udalaren irudiko, proposamen horrek «ez du zentzurik»: «Lehenbiziko zatian gehieneko abiadura 70 km/h-koa izanen litzateke eta 60 km/h-koa bigarren zatian».

«Proposamen horrek ez du zentzurik. Endarlatsara doan trafikoa are gehiago oztopatuko luke»

Ez da hori bakarrik: «Bikoiztu gabe 1,8 minutu behar dira eta bikoiztuta 2,9 minutu. Horrek errei gehigarrien datuak hobetzeko bakarrik balio du eta balantzea negatiboa da. Ez luke trafikoa arinduko, eta gainera, Lesakak, Etxalarrek, Igantzik eta Arantzak bi noranzkoetan duen komunikazio bide bat galduko lukete, mugikortasun jasangarria kaltetuz». Berako Udalaren ustez, «NA-1210 errepidea moldatu beharko lukete, baina gaur egungo zerbitzua hobetzeko».

Irundik Berara sartzeko

Irun aldetik Berara sartu nahi dutenek Zalain aldeko irteera hartuko ez balute, Renault parera joan beharko lukete han buelta eman eta Berara sartzeko. Kontua da, proiektuan aurreikusi dutenez, Renault aldetik Berara sartzerakoan azelerazio adarretik berriz bide nagusira sartu beharko luketela eta 300 metroren ondotik berriz dezelerazio adarretik atera. Hala, «errepide nagusira sartu eta 300 metroren buruan berriz atera beharrean bi adar horiek lotzea posible izanen litzateke?», galdetu du udalak.

Hobekuntza gehiago

Bertzelako hainbat proposamen ere landu ditu Berako Udalak alegazioen txostenean. Alde batetik, Zalaingo irteeran, Irun aldetik Berara sartu nahi dutenek lehentasuna izatea eskatu du. Bertzetik, proiektuan gasolindegiak dauden eremutik biribilgunera zuzeneko sarbiderik ez dela ageri ohartarazi du udalak, baita 65. kilometroan (Verkol parean) gaur egun dagoen dezelerazio erreia ez dela ageri ere.

Zalaingo barrera akustikoaz ere mintzatu da Berako Udala alegazioetan, «ez dela nahikoa» erranez. «Barrera 65,035. kilometroan paratzen hastea aurreikusia dago, eta 64,9. kilometroan hasi beharko luke». Bertzalde, tuneletan mugikorrentzako eta irratiarentzako estaldura eskatu du.

Txirrindularientzako bidea

Berako Udalak onartu du «gai berezia eta delikatua» dela txirrindulariena. Proiektuan «hobekuntzak» ikusi ditu, eta horren adibide, «Larraikaitz tuneleko bidegurutzea edo NA-1210 Endarlatsara luzatu izana» txalotu ditu. Baina aldi berean, bertze «puntu arriskutsu batzuetarako alternatibak» eskatu ditu.

«Ordezko biderik ez duten zatietan 1,5 metroko bazterbidea izanen dute txirrindulariek. Teorian ez da arriskutsua, baina trafikoa, eta batez ere, ibilgailu astunena handia dela ikusita, ez da egokia. Txirrindulariak ikusten dituztenean, ibilgailuetako gidariek ezkerrera desplazatzeko joera dute eta horrek arriskua sortzen du, batez ere, kamioiak direnean eta errei gehigarrian bertze kotxe bat dabilenean; gainera, ezkerrean barrera dutela kontuan hartu behar da».

Bide beretik, «arrisku handia» ikusten du Basataundi tunelen inguruan, 56 eta 57. kilometroen artean, errepidea gurutzatu behar izatea, «batez ere 56. kilometroan, arriskua ohartaraziz paratutako seinaleak funtzionatuko duela eta ibilgailuek errespetatuko dutela pentsatuz».

Basataundi tunelaren inguruan Nafarroako Gobernuak txirrindularientzako proposatutakoa.

Hala, txirrindulariek ahal den neurrian bazterbideen erabilera saihestu dezaten, hainbat proposamen bildu ditu Berako Udalak:

  • 54,6 eta 55,9. kilometroen artean (Basataundi eta Larrakaitz tunelen artean) txirrindularientzako bidea egitea bi noranzkoetan, eskuineko aldean.
  • 57,1 eta 57,4 kilometroen artean (Basataunditik Igantzi aldera) txirrindularientzako bidea egitea bi noranzkoetan, ezkerreko aldean.
  • Etxalarko Bentatik Lesakara doan NA-1210 errepide zaharra erabiliz proposatutako bikoizketa ez egitea, eta errepide hori bi noranzkoetan erabili ahal izatea, orain arte bezala.
  • Endarlatsara ailegatzean gaur egun 68,350. kilometroan dagoen triangeluaren partez, biribilgune ttiki bat egitea.

Horiek kontuan hartuta, Berako Udalaren ustez, «bide nagusira inon sartu gabe, Lesaka eta Bera arteko zatiari irtenbide argi bat ematea bertzerik ez litzateke geldituko, Endarlatsaraino bizikletaz joan ahal izateko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun