N-121-A

Sunbilla eta Endarlatsa arteko bide zatia 2+1 bihurtzeko behin-behineko proiektuari alegazioak aurkezteko azken egunak

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 27a, 10:00

Etxalarko Bentan gaineko pasabide berria aurreikusi dute errepide nagusia Lesaka aldera doan errepide zaharrarekin lotzeko. Errepide hori Irunera joateko egokitu nahi dute, eta gaur egungo errepidea Iruñera joateko bakarrik utzi.

N-121-A errepidea 2+1 motatako errepide bihurtzeko lanekin aitzinera segitzen du Nafarroako Gobernuak. Sunbillako Arrigazteluko tuneletik Endarlatsara bitarteko zatiaren behin-behineko proiektua jende aitzinean paratua du eta azaroaren 3an bukatuko da alegazioak aurkezteko epea. Berako Udalak jakinarazi du alegazioak aurkeztuko dituela; Lesakako Udalak aztertzen ari direla adierazi du.

N-121 A errepidearen Nafarroako bosgarren eta azken zatia 2+1 errepide bihurtzeko obrak zehaztu ditu gobernuak behin-behineko proiektu horretan. Hainbat aldaketa aurreikusi ditu, tartean, barrera metalikoa erdian paratzeko bi metroko mediana behar denez, zenbait tokitan errepidea zabaltzea edo eremu batzuetan lau errei izatea, bi errei noranzko bakoitzeko. Horrek, ordea, zati batzuetan gaur egun dagoen kanala tokiz aldatu beharko luketela erran nahi du.  

Lotura honetan ageri dira behin-behineko proiektu horretan aurreikusi dituzten aldaketak. Eta horretan oinarrituta, aldaketa nagusienak zein diren bildu du TTIPI-TTAPAk segidan:

Iruribieta parean gaineko pasabidea

Sunbillan, Iruribieta parean gaineko pasabidea aurreikusi dute. Hartara, ez litzateke N-121-A errepidea gurutzatu beharrik izanen.

Iruribietan gaineko pasabidea egin nahi dute.

Etxalar-Nabasturen zatia

Etxalarko Bentan gaineko pasabide berria proposatu dute. Hala, gaur egun, Nabasturen paretik Etxalarko Bentara dauden bi erreiak Iruñerako noranzkoan erabiltzeko izanen lirateke. Eta Irungo noranzkoan, Etxalarko Bentan gaineko pasabide berria eginez, trafikoa errepide zaharra dagoen tokitik bideratzea aurreikusi dute, Nabasturengo zentralaren pareraino, horretarako kanala lekualdatuta. Horrez gain, bertze errei bat aurreikusi dute Nabasturengo zentralaren parean.

Etxalarko Bentan gaineko pasabidea egin nahi dute.

Irunerako bidean, trafikoa errepide zaharra dagoen tokitik bideratzea aurreikusi dute, Nabasturengo zentralaren pareraino.

Etxalarko Bentatik Lesaka alderako bideak hartuko lukeen itxura.

Nabasturen parean bertze errei bat aurreikusi dute. Aldi berean, trafikoa errepide zaharretik bideratzeko kanala tokiz mugitu beharko lukete.

N-1210 errepide zaharra Irunerako noranzkoan erabiltzeko proposamena eztabaida iturri izan da. Berako Udalak, adibidez, bere garaian, «bi erreiko kilometro gehiago izanagatik, arriskutsuagoa izanen litzatekeela eta zati bat uholde arriskuko eremua dela» ohartarazi zuen. Bere hitzetan, «trafikoa ez luke arinduko, guztiz kontrakoa, mantsotu eginen luke, eta gainera, Lesaka eta Etxalarren arteko komunikazio bidea galduko genuke». Gehiago ere bai: «Errepide zati horrek hasieran bi errei izanen lituzke, 70 km/h-ko abiaduran, baita bukaeran ere, baina bihurgune batean errei bakarrean gehienez 60 km/h-ko abiaduran ibili beharko lukete gidariek».

Lesakako zubi inguruan biribilgunea

Iruñetik Lesakara sartzeko zatian, Lesakako zubiaren inguruan, biribilgunea aurreikusi du gobernuak, eta aldi berean, errepide nagusitik herrira sartzeko errei bat egokituko lukete.

Lesakako zubian biribilgunea aurreikusi dute.

Berako sarrera eta irteerak

Gaur egungo errepidearen diseinuarekin konparatuz, Bera inguruan hainbat aldaketa aurreikusi dituzte gobernuaren behin-behineko proiektuan.

Alde batetik, Argaitz harrobiaren parean gaineko pasabidea egitea bildu dute gobernuaren aurreproiektuan. Gaur egun, zati hori herrira sartzeko baino ez da. Baina obra eginda, bidea herrira sartzeko eta herritik ateratzeko izanen litzateke. Horretarako, Iruñera hartzeko gaineko pasabide bat eginen lukete.

Berako sarreran gaineko pasabidea eginez, eremu horretan Berara sartzeko eta Beratik ateratzeko aukera aurreikusi dute.

Bertzetik, N-121-Atik Berara sartzeko ezin izanen litzateke Alkaiagako Geltoki aldeko (Txarandaka) bidea erabili. Zati hori egokitu, biribilgunea eta bide berria egin, eta Irun aldera joateko bakarrik izanen litzateke. Gisa horretara, Irundik datozenek bi aukera izanen lituzkete Berara sartzeko: Zalain aldeko irteeran, edo Renault parera joan eta han buelta emanda.

Alkaiaga pareko sarbidetik ezin izanen litzateke Berara sartu. Beratik Irun aldera ateratzeko bakarrik balioko luke.

Beratik Irunerako bidean, Verkol lantegiaren paretik gasolindegiak pasatu arteko zatian, lau errei eginen dituztela ageri da aurreproiektuan, horietako bakoitza barrera metaliko batekin bereizia. Erdiko erreietako bat Irunera joateko izanen litzateke; bertzea Iruñera joateko; eta bazterreko biak zerbitzu bideak; alegia, bat Iruñerako noranzkoan gasolindegira, Verkolera edo Berara sartzeko, eta bertzea Irunerako bidean, gasolindegira joateko edo errepide zaharra hartzeko.

Verkol parean lau errei proposatu dituzte.

Beratik Irun alderako bidean, gasolindegiak pasatu arteko zatian izanen lirateke lau errei.

Txirrindulariak

N-121-A errepidea txirrindularien ohiko ibilbidea dela eta, hori ere kontuan hartu dute aurreproiektuan. Hala, Larrakaitz tunelaren gainean, adibidez, N-121-A errepidea gurutzatzen ari beharrean pasabide bat aurreikusi dute Irunerako bidean segitu ahal izateko. Edo Endarlatsan aldean, Bidasoa ibaiarekin eta N-121-A errepidearekin paraleloa izanen litzatekeen txirrindularientzako bidea proposatu dute, txirrindulariak zati horretan N-121-A errepidean ez ibiltzeko.

Larrakaitz tunelaren gainean, txirrindularientzako pasabidea aurreikusi dute.

Aipatu bezala, azaroaren 3an bukatuko da alegazioak idatziz aurkezteko epea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun