Asteburu bikainaren ondotik azken egunari ekin diote Doneztebeko bestetan

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 1a, 09:00

Ttikien eguneko eta San Pedro eguneko dantzetan gogoan izan zituzten Joxe Irigoien eta Ainara Marizkurrena

Argazkiak: Alicia del Castillo eta Oier Zulaika.

Doneztebeko San Pedro bestak azken egunean sartu dira, ospakizunen betetako asteburu ederraren ondotik. Ortzegunean bota zen txupinazoaren ondotik, ortziralean ttikien txanda izan zen. Udal ttikikoek beraien karguak hartu zituzten, Juan David Costa Rodrigues alkate ttikia zela, Oier Lopez Oteiza bake epaile, Kemen Villamea Saralegi banderarekin eta bertze zenbait neska-mutiko zinegotzi. Bear Zana pilotalekuan egin zuten dantza saioan ehun bat haurrek parte hartu zuten eta Joxe Irigoien eta Ainara Marizkurrena gogoan izan zituzten. Bertze horrenbertze gertatu zen larunbateko San Pedro egunean ere. Irigoien eta Marizkurrena gogoan izan zituzten loreak, bestetako atorrak, zapiak eta txapelak paratu baitzituzten plaza bazterrean. 32 dantzarik dantzatu zuten Trapatan euripean, inoiz baino gehiago. Argazkiak. Alicia del Castillo

Igandean ere hainbat ospakizun izan zituzten, tartean Gazte Burrunbak antolatutako gazte bazkaria. Musikak ere bere tokia izan zuen, Distopia elektrotxarangarekin, Joselu Anaiak taldearen dantzaldiarekin eta En Tol Sarmiento taldearen kontzertuarekin.

Gaur hondarreko eguna

Asteburu ederraren ondotik, bestetako azken eguna izanen dute gaur Donezteben, egitarau zabalarekin.

Uztailak 1,astelehena

  • 09:30ean diana gaiteroekin.
  • 11:00etan Doneztebeko erraldoiekin eta buruhaundiekin kalejira.
  • 11:30ean mus txapelketa eliza atarian.
  • 14:00etan herri bazkaria eskolako aterpean. Ondotik, urteroko erreka igoera.
  • 16:00etan pintura tailerra haurrentzat eskolan.
  • 18:30ean etxean sukaldatutako postre txapelketa Santa Luzia plazan Malerrekako txuriurdinek antolatuta.
  • 19:00etan mutxikoak Jaliskoren eskutik.
  • 19:30ean DJ J&J  eta Chuchin Ibañez Santa Luzia plazan.
  • 20:00etan bestetako zozketa berezia.
  • 22:15ean zezen suzkoa Bear Zanan.
  • Bestak bukatzeko, gaixoa ni herriko etxeko atarian. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun