Bestak 2024

«Saldiasko festak herrikoiagoak dira, lasaiagoak»

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 19a, 09:00

Herriko festak ospatuko dituzte aste honetan Saldiasen, eta hortaz mintzatu da bertan bizi den Aintzane Leiza leitzarra

Nola definituko zenuke zeure burua?

Saldiasen bizi den neska leitzarra, alaia eta 3 haurren ama.

Zein dira zure zaletasunak?

Musika entzutea, irakurtzea, lagunekin elkartzea eta familian planak egitea eta disfrutatzea.

Zein izaten da zure jarduerarik gustukoena?

Orain Landetan bungalow bat alokatu dugu eta astebururo hara joaten gara familiako bostak.

Zenbat urte daramatzazu Saldiasen bizitzen?

2014an etorri nintzen, duela 10 urte.

Aldaketa haundia izan zen?

Izugarri haundia. Leitzan saltokiak eta tabernak eskura daude, lagunekin kafe bat hartzera ateratzeko aukera nuen, erosketak egunean egiten nituen… hemen ez dago aukerarik; erosketak egiteko herritik atera behar zara. Gainera, hasieran bakarrik nengoen, bikotekidea lanera joaten etxean gelditzen nintzen, ez nuen lagunik… gogorra izan zen. Baina denborarekin dena aldatu da eta oso gustura nago orain.

Herriko festak izanen dituzue laster. Zer nabarmenduko zenuke?

Herri guztia kalean egoten diren egunak dira. Denek parte hartzen dugu ekintzetan eta herri bazkaria izaten da momentu politenetakoa, giro aparta izaten da.

Zer dute Saldiasko festek Leitzakoek ez dutenik?

Festa oso desberdinak dira egitarau aldetik eta jende kopuruaren aldetik. Saldiasko festak herrikoiagoak direla esanen nuke, lasaiagoak.

Eta alderantziz?

Niretzako bereziagoak dira Leitzakoak: egitarau zabala dute, gustu askotara egokitzen diren ekintzak dituzte… eta betiko lagunak han izateak beste berezitasun bat ematen die festei.

Guraso bezala desberdin biziko dituzu festak, ez?

Bai, gaueko parrandaren ordez eguneko parranda egiten dut orain. Lehen nahi nuen ekintzetara mugitzen nintzen eta orain, berriz, txikiek agintzen dute. Festak lehen baino nekatuago bukatzen ditut.

Zure asmoak epe motzera?

Irakaslea izanik, ikasturtea gustura bukatzea eta udan familiarekin eta lagunekin disfrutatzea.

Eta epe luzera?

Ez dut asmorik burutan; egunekoa bizitzea gustatzen zait.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun