50. urteurrena gogoan lekukoa pasatzeko ekitaldira animatzeko deia egin du Doneztebeko eskolak

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 6a, 15:00

Larunbat honetan, ekainaren 8an, Doneztebeko eskolaren 50. urteurreneko besta ospatuko dute eta ekitaldien artean, lekukoa pasatzeko Hamarkadaz hamarkada ekitaldia eginen dute. Harat joateko deia eginez bideo hau prestatu dute eskolako lagunek. Bazkaltzeko 200 bat lagun bilduko dira.

Gaur egun Doneztebeko Udala dagoen eraikinean izaten zen garai batean eskola, eta handik abiatuko da Hamarkadaz hamarkada lekukoa pasatzeko ekitaldia. San Miguel ikastetxerako bidea sei zatitan banatu dute eta bakoitzean hamarkada batek hartuko du lekukoa:

  1. Udaletxean 2010az geroztik jaio direnek hartuko dute lekukoa.
  2. Saldias harategiko bidegurutzean, lekukoa 2000 eta 2009 urteen artean jaiotakoen eskuetara pasatuko da.
  3. Pepa's ostatuaren parean, 1990-1999 hamarkadakoek hartuko dute lekukoa.
  4. Mendia farmaziaren parean, 1980-1989 hamarkadakoen eskuetara pasatuko da lekukoa.
  5. Ameztia ostatuan, 1970 eta 1979 urteen artean jaiotakoek hartuko dute leukoa.
  6. Eskola ondoko biribilgunean, 1960 eta 1969 urteen artean jaiotakoen eskuetara pasatuko da lekukoa.
Hauxe eguneko egitaraua
  • 10:30ean eskolatik abiatuta kalejira erraldoiekin, dultzaineroekin eta txistulariekin.
  • 11:30ean lekukoa pasatzea Hamarkadaz hamarkada. Eskola zaharretik (herriko etxea) eskola berrira (San Miguel) bidea eginen dute. Ibilbidea sei puntutan banatu eta bakoitzean hamarkada batek hartuko du lekukoa.
  • 12:00etan lehenbiziko promozioko ikasleak omenduko dituzte eta Erreka Dantza Taldearen saioa.
  • 13:00etan Batupintxo.
  • 14:30ean bazkaria.
  • 16:30ean mutxikoak.
  • Ondotik DJ J&J eta zirku tailerra.
Erakusketa

50. urteurrenaren harira, garai bateko ikasgela bat egokitu dute Doneztebeko eskolan, eta aste honetan paratu dute ikusgai familiendako. Astelehenetik ortziralera 09:00etatik 09:45era eta 13:30etik 14:00etara bisitatzeko aukera izanen dute. Ekainaren 19a izanen da horretarako hondarreko eguna.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun