Harri altxatzen hasia orain hilabete batzuk, Iturengo inauterietako kontuen egunean egin zenuen lehen jendaurreko plaza, Harri Herri ETBko saioan ere agertu zinen, orain marka Aian… Urratsez urrats baina agudo irekitzen ari zara bidea harriarekin…
Harri herri saioaren ondotik ez dut bertze erakustaldirik egin, marka egiteko prestatzen aritu naiz orain arte. Buru gogorra naiz eta zerbait gustuko baldin badut daukadan guztia ematen dut eta nire partetik ahal dudan guzti jartzen dut gauzak ongi egiteko. Horregatik konstantzia arras garrantzitsua da bidea irekitzeko.
Nola hasi zinen harri jasotzearen munduan… Zure familian/inguruan bada horretan aritzen den bertze norbait?
Nire familian ez dago inor herri kirol munduan ibili denik, baina beti gustatu zaizkit herri kirolak: Iturengo lagunekin erakustaldiak, apustuak eta saioak ikustera joaten nintzen eta plazan ikusi aldiro pentsatzen nuen ni ere noizbait hor izanen nintzela, hori zen nire ametsa. Daniel Vicenteren bitartez Joseba Ostolaza ezagutu nuen, baina beti lotsa ematen zidan berari idatzi edo harria probatzera joatea, ez nekien balioko nuen edo ez. 2023ko urrian, lagunei esker, Josebaren eskolara joan nintzen harria probatzera eta lehenengo egunetik pila bat gustatu zitzaidan.
«2023ko urrian joan nintzen Joseba Ostolazaren harri eskolara eta lehenengo egunetik pila bat gustatu zitzaidan»
Malerrekan aizkorarako afizio handia bada, baina harri jasotzerako, beharbada, ez hainbertze… Zuri nondik datorkizu afizioa?
Aizkora munduan badago afizioa, baina harri munduan ez horrenbertze, egia erran. Neska gutxi daude gure zonaldean ere harri munduan, nik ez ditut ezagutzen eta horrek ere niri presio handia eman dit. Lagunei esker datorkit afizioa.
Azken aldian crossfiteko mundutik harri jasotzera pasa diren kirolari aunitz badira… Zuk ere bide hori egin duzu?
Nik betidanik izan dut indar asko, berezkoa edo … baina ez nekien zein izanen zen niri ongi etorriko zitzaidan kirola eta harria probatu nuen. Baina crossfita ez dut sekula probatu, ez dit atentziorik deitzen momentuz.
Nola definituko zenuke zure burua harri-jasotzaile moduan?
Indar aunitz daukat. Denbora gutxi daramat mundu honetan eta teknika ikastekoa naiz oraindik, baina pixkanaka ikasten ari naiz. Indarra ez da gauzarik garrantzitsuena, teknikak ere aunitz egiten du. Harri handiak nahiago ditut. Ni berez handia naiz eta, indar asko daukadanez, hobe moldatzen naiz. Jende aunitzek erraten zidan ez nintzela inora ailegatuko, harri mundua ez dela jokoa eta niri horrek indar gehiago ematen zidan egiteko. Momentuz lortzen ari naizenarekin kontent nago.
«Jendeak erraten zidan ez nintzela inora ailegatuko, harri mundua ez dela jokoa eta niri horrek indar gehiago ematen zidan egiteko»
Zein da zure ezaugarririk onena eta zertan hobetu nahiko zenuke?
Indarraz gain burugogorra ere banaiz eta horrek bere alde onak eta txarrak ditu. Entrenatu aldiro zerbait berria ikasten da eta aunitz begiratzen diet bertzeei ere nola egiten duten, ikasteko balio du eta. Beti badago zerbait hobetu beharra eta hori egunero lantzen dut.
Zein da zure erreferentea harri jasotzearen munduan…
Egia erran lehen ez nuen harri mundua aunitz ezagutzen, baina orain ikasten ari naiz, Jokin Eizmendi erranen nuke, beti gogotsu dabil, aunitz daki berak eta aunitz erakusten dit. Udane Ostolazak ere denbora aunitz darama mundu honetan. Txikia da, baina aldi berean arras handia eta harri jasotzaile erreferente bat da.
Joseba Ostolaza Harri Eskolan ari zara… Orion egiten dituzu entrenamenduak edo etxean ere prestatzen zara?
Bai, Oriora joaten naiz astelehen eta ortzegunetan entrenatzera. Etxean ere beti zerbait egitea gustatzen zait.
Zure lehen marka saiakera egin duzu Aian… Urduritasun berezia edo behin telebistako saio batean atera eta gero, plazara patxada gehiagorekin ateratzen zara?
Oso aste txarra pasatu dut, lehendabiziko marka ahalegina zen eta nahiz eta lehen telebistan atera, beti badira urduritasunak. Gainera, telebistako programan taldeko lana zen eta hemen nire esku zegoen dena. Egun guztiak ez dira berdinak, baina daukadan onena ematen saiatu naiz. Bertze entrenamendu bat bezala hartu dut. Gainera herrikoak, lagunak, familia eta eskolakoak ondoan izanik, egin dudanarekin arras kontent nago.
100 kiloko zilindro zaharra aukeratu duzu zure lehen marka saiakerarako… Zergatik? Gustuko harria duzu?
Zerbait egin nahi nuela buruan neukan eta taldekoekin probak egin genituen eta hori aukeratu genuen. Momentuz gustura erabiltzen dut. Denbora gutxi daukat harri munduan eta ezin dut aunitzik eskatu, baina buru gogorra naizenez beti gehiago nahi dut. Hori dela eta Joseba Ostolazak aunitzetan errieta egiten dit, baina alde onak eta txarrak baditu.
Bertze zein harrirekin moldatzen zara ongi? Eta, alderantziz, zein da altxatzeko zailtasun gehien duzun harria edo inoiz altxatu ez duzuna eta altxatzea gustatuko litzaizukeena?
Kubikoa ere gustuko dut, aunitz ikasi beharra daukat oraindik eta teknika falta zait. Bola ez dut sobera gustuko. Oraindik bidea luzea da eta probatzeko denbora badut.
Aitzinera begira, zein bertze erronka edo marka dituzu begi bistan?
Beti buruan badira aukerak, baina guttinaka eta pausoz pauso egin nahi dut dena. Lanarekin zail daukat udan erakustaldiak egitea, baina ahal badut saiatu egiten naiz libre eskatuz, hori ere guretako eta gehien bat hasi berria zarenean motibatzeko eta jendeak ezagutzeko ona delako.
Bertzerik?
Eskerrak eman nire hurbilean egon diren guztiei, familiari, lagunei eta batez ere Josebari, bere eskolako ateak irekitzegatik: arras pertsona ona da, beti laguntzeko prest. Nirekin beti egoten diren Jokin Eizmendi eta Imanol Royo Lartain ere eskertu nahi ditut, bertze bat gehiago bezala tratatu naute, lehendabiziko egunetik. Ni Nafarroatik joaterakoan, ez nekien nola hartuko ninduten, beti beldurra edo urduritasuna daukazu, Nafarroako bakarra izanik, baina niretzat nire Gipuzkoako familia dira. Beraiek erakutsi didate orain arte egiten ari naizen guztia, edozer gauza dela eta beti animatuz eta burua altxatuz. Beti badira momentu txarrak ere, baina beraiei esker dena errazagoa da. Eskerrik asko Joseba Ostolaza harri eskolari eta zerutik indarra bidaltzen nauten nire bi izarrei, amari eta osabari, dena beraiengatik.