Ttipi Txartela

«Kontsumo mota berriei egokitzea da orain gure erronka»

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 2a, 12:00

2008an ireki zuen Lorea Agirrek Kimetz belar denda Donezteben, eta «elikagai ekologikoak, hurbilekoak eta kalitatezkoak» saltzen dituzte bertan.

Azaldu duenez, «15 urte hauetan, bezeroaren kontsumo motara egokitzea izan da gure erronka. Komertzio ttikiok eskaintzen dugun hurbiltasuna eta konfiantza da batez ere bereizten gaituena, baina azken urte hauetan konturatu gara ez dugula pertsonalizazio hori bertan erosteko erabiltzen. Gero eta ohikoagoa da aholkua eskatzea, gero kanpoan erosteko. Hemendik urte batzuetara joera honek segituko balu, ezingo genuke aholkularitza doakoarekin segitu».

Hori dela eta, «gure esku dagoenean zentratu gara, hausnarketa egin dugu eta gure web orria berriz zerotik eraikitzen ari gara, etxerako zerbitzua sortu dugu, Whatsappez eskatzeko aukera… bezeroen fidelizazioa hobetu nahian». Gainera, «hausnarketarako deia» luzatu nahi du, «aunitzetan konturatu gabeko jokabidea baita. Komertzio ttikien goxotasuna izaten segitu nahi badugu, bertan erosi behar dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun