Inauteriak 2024

«Polita da Aurtizko elkartean inauterietan sortzen den giroa»

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 24a, 13:00

Ibai Berregi iazko inauterietan joareak jotzen.

33 urte dituen eta kirola gustuko duen Aurtizko gaztea da Ibai Berregi. Kirola egiten ikusi ohi dugu sarri, baina, inauterietan bertzelako egitekotan  ere ikusiko dugu, aurten ere, joaldun gisa aterako baita. 

Ttikitako inauterietan oroitzapen «politak» ditu Berregik, eta geroztik denbora pasa bada ere,  igualtsu bizitzen ditu orain ere aurtiztarrrak, «ilusio berdinarekin». Arrunt ttikiak direla paratu ohi dizkiete joareak haurrei Malerrekan, eta bere kasuan ere hala izan zela kontatu du: «Hiru urte zituela paratu zizkidaten lehenengo aldiz joareak». Joaldun izatearen «garrantzia» gerora jakin du, ordea: «Ttikitan ez zara jabetzen egiten duzunaz, baina, desfilean 14 bat urterekin atera izanen nintzen lehenbiziko aldiz taldean, eta ilusio berezia egiten du». 

Inauterietan mozorro ere atera izan da Berregi, baina argi du «bertako batentzat inauterietan joaldun ateratzea dela gauzarik politenetakoa». Gainera, joaldunik gabeko inauteririk ere ez du imajinatzen aurtiztarrak: «Joaldunik gabe ez lirateke berdinak izanen, hori da gure inauteriak berezi egiten dituenak».

Aurten ere joaldun

Aurten ere aterako da Berregi, eta «okerrik ezean bi egunetan». Aurtiztarra izaki, aurtiztarrekin batera aterako da, eta azaldu duenez, 10 eta 16 joaldun artean aterako dira, «jendearen eta bestondoaren arabera». Inauterietako unerik bereziena joaldunek egiten duten desfilea izaten da Berregirentzat. Hortaz aparte, «Aurtizko elkartean zaharren eta gazteen otorduetan sortzen den giroa ere polita da», kontatu duenez. 

Inauterien bezperatan bisitariei  mezua luzatu die: «Etortzen segi dezatela, guretzat jendea etortzea gauza pozgarria delako, hori bai, errespetuz etor daitezela». Aurtizko, Iturengo eta Zubietako inauteriak ezagutzen ez dituztenak ere, gonbidatu ditu: «Inoiz etorri ez badira, behin behintzat etortzeko erranen nieke, nik uste gustatuko zaizkiela». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun