Inauteriak 2024

Ituren eta Zubietako udalek autobus zerbitzua antolatu dute inauterietan

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 29a, 08:00
Astelehenean Iturengo plazara hurbilduko dira joaldunak eta mozorroak eta Doneztebetik eta Elgorriagatik joan-etorrian ibiliko da autobusa.

Doneztebeko eskolan eta Elgorriagako bainuetxeko aparkalekuan prestatuko dute autoak uzteko tokia. Astelehenean eta asteartean, 10:00etan hasita, autobusa izanen da bi herrietara joateko. Itzulerako ordua 16:00etan.

Gainean ditugu inauteriak.Aurtitzen, Iturenen eta Zubietan Errege bezperan joare soinuak entzun ondotik, herritarrei gogora etortzen zaie inauteriak ate joka ditugula. Aurtengoak ere hemen dira, urtarrilaren 25ean, ortzegun ilunabar partean abiatuko dira puska biltzearekin. Egunez egun, joare eta mozorroekin, bai Iturenen eta Aurtizko karriketan besta giroa nagusi izanen da.  Baina ohiko egitarau horren inguruan, bada berrikuntza aipagarria aurten. Astelehenean Iturenera eta asteartean Zubietara urtero hurbiltzen den jende kopurua ikusita, arazoak sortzen dira ibilgailuak aparkatzeko orduan. Azken urte hauetan auto aunitz izaten dira Doneztebe eta Leitza lotzen dituen errepidean gaizki aparkatzen direnak, honek arazoak sortzen ditu eta aurrerantzean isunak ere etor daitezke. Hori ikusita, Ituren eta Zubietako udalak elkarlanean arazo horri aurre egiteko Doneztebeko eskolako futbol zelaian eta Elgorriagako bainuetxeko aparkalekuan aparkatzeko aukera emanen die aurten hurbiltzen diren guztiei.

Autobus zerbitzua Doneztebetik Iturenera eta Zubietara joateko, astelehenean eta asteartean Doneztebeko autobus geltokitik

Etortzen den guztiak Doneztebetik Iturenera eta Zubietara joateko autobus zerbitzua izanen du. Erabiltzaileek aparkalekuetan eskuragarri izanen dituzte autobuseko txartelak, 2 eurotan, eta bidaiari bakoitzeko bat hartu beharko dute. Doneztebeko autobus geltokian, astelehenean eta asteartean 10:00etan hasiko den autobusa izanen da bi herrietara joateko. Behin joaldun eta mozorroen besta akitu ondotik, 16:00etan izanen da itzulerako ordua. Ordu erdiro aterako da autobusa astelehenean Iturenera eta asteartean Zubietara eta itzulera ere ordu erdiro izanen da. Txartelak egun bakoitzean joan-etorria egiteko balioko du.

Ituren eta Zubietako udalek eskertuko dute aukera berri hau erabiltzea eta ahalik eta gehien zabaltzea berria. Modu berean, Doneztebeko udalaren eta Elgorriagako bainuetxearen prestutasuna ere eskertu nahi izan dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun