Doneztebeko feriak ospatuko dituzte azaroaren 17an

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 15a, 10:00

Azienda saila eramanen dute beste urte batez Merkatuko plazara /Argazkia: Alicia del Castillo

Baztandarren lekukoa hartu dute Malerrekan eta azaroaren 17an, ortzirale honetan, ospatuko dituzte Doneztebeko Feriak. Urteroko errezeta bera baliatu du Doneztebeko herriak egitaraua osatzeko garaian; osagaiak kalitatezkoak direnean, emaitza ona ziurtatuta dagoelako.

Menditik karrikarako bidea hartuta,  azienda saila bilduko da aurten ere Merkatuko Plazan: behiak, behorrak, ardiak... Egunak argitu orduko hasiko da bertan mugimendua eta 14:00ak aldera arte izanen da ikusmiran ibili edo tratuan aritzeko aukera. Aziendekin batera, mota guztietako makinaria eta lanabesak ere jarriko dituzte salgai.
Goizean goizetik, jendez lepo egonen dira karrikak ere. Ez da horretarako aitzakiarik faltako. 200 salmahai baino gehiago paratuko dituzte saltzaileek: jakiak, negurako jantziak, artisau-lanak, baratxuriak... eta ikas-bidaiarako dirua lortzeko pintxoak ere prestatuko dituzte ikasleek. 

Bueltaxka eman ondotik, indarrak berritu nahi dituztenek izanen dute horretarako aukera; ferietako menu bereziak prestatzen hasi dira dagoeneko ostatuetan eta jatetxeetan.

Arratsaldean, herri-kirola izanen da protagonista Ezkurra pilotalekuan. Nafarroako I. Mailako Aizkora Txapelketaren finala jokatuko dute eta herri-kirol saioarekin bukatzeko, harri jasotze erakustaldi bat eskainiko dute.  Hortik aitzinera, norberaren esku geldituko da besta ordu ttikiak arte luzatu edo ez erabakitzea. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun