Euskararen Egunean izandako kalteak salatu dituzte Zubietako gazteek

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 9a, 19:00

Asteburuan Euskararen eguna ospatu dute Zubietan eta urtero bezala, «herritarrok elkarlanean antolatu dugu ekimena, euskal kultura eusteko asmoz»

Herriko gazteek jakinarazi dutenez, «ostirala lasaia izan zen eta larunbatean, besta eguna zenez, goizetik hurbildu ginen plazara. Eguna giro ederrean pasa genuen, baina gaua ailegatu zenean besta giroan hainbat ekintza onartezin gertatu ziren». Horregatik, ondoko gertaerak salatu dituzte:

  • Herritar bati motorra ebatsi zioten.
  • Beste herritar bati kotxea hartu eta herriko landan zehar ibili ziren, lursaila hondatuz eta kotxea izorratuz.
  • Hainbat komun manipulatuak izan ziren: estalpekoa (putzuak sortuz) eta komun publikoa (karrika oso bat bustiz).
  • Estalpean jendea sabaiko hodietatik zintzilikatu zen, hodiak erabat okertuz.
  • Zenbait etxetako loreontziak lekuz mugituak izan ziren.
  • Plazaren ondoan dagoen etxe bateko ataria margo arrosarekin zikindu zuten.

Adierazi dutenez, «ez da horrelako zerbait gertatzen den lehenengo aldia. Askotan jasan behar izan ditugu lekuz kanpo dauden gertaera eta jarrerak. Nazkatuta gaude». Euskararen Eguna «denok ongi pasatzeko antolatzen dugun eguna da eta denon artean egin behar da posible. Gainontzeko guztia ongi joan zen arren, tristea da zapore txar honekin gelditu behar izana».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun