Giro ederrean ospatu dute Euskararen Eguna Zubietan

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 9a, 12:00

Ohiko egitarau zabalarekin Euskararen Eguna bikain ospatu dute Zubietan aste hondarrean, herriko gazteek antolatua. Urriaren 6an, ostiralean, Joseba Sarrionaindiak Euskara eta euskal literatura hitzaldi ederra eman zuen eskolan, «gozatzeko eta hausnartzeko». Errandonean, berriz, hamahiru pintxo aurkeztu zituzten lehiaketara. Lehen saria Maialen Elizaldek eskuratu zuen eta bigarrena Malen Etxekoloneak. Mus txapelketan, berriz, hamar bikote aritu ziren. Urko Loiarte eta Ibai Juanikorena suertatu ziren txapeldun, finalean Joxetxo Elizalderi eta Jexux Santestebani irabazita.

Egun handia larunbatean

Urriaren 7a, larunbata izan zen egun handia eta borobila suertatu zen. Herriko eskulangileen lanak izan ziren ikusgai eta erosgai plazan. Urdaiazpiko eta gazta apustua ere egin zuten eta hauen pisura gehien hurbildu zirenek eraman zituzten etxera, Garazi Santestebanek urdaiazpikoa eta Marimar Bergarak gazta. Joaldunak ere ibili ziren herrian barna eta eguerdian aizkora apustu bikaina jokatu zuten herriko aizkolariek. Raul Castro eta Antonio Jaunarena beteranoak nagusitu zitzaizkien Mikel Indakoetxea eta Mikel Santesteban gazteei baina lau aizkolariek lan ederra egin zuten. Bittori Elizalde eta Iker Gorosterrazu balkoirik balkoira bertso kantari aritu ziren, megafoniaren arazoen gainetik. Ondotik, inoiz izan den herri bazkari jendetsuena izan zen, 140 heldu eta hainbat haur bildu baitziren bazkaltzera.Bazkal ondoan, haurrek eta helduek Marsel magoaren ikuskizunarekin gozatu zuten. Turrutxiki txaranga ibili zen arratsaldean eta gau partean Korrontzi taldeak herri guztia dantzan jarri zuen. Euskararen Eguna borobiltzeko, gauerdian hasita, Trikidantz taldearekin dantzaldia izan zen eta zubietarrak agurra egin zioten hainbat ekitalditan musika jarri duen taldeari.

 

Biharamun gazia

Gazteek udalaren laguntzarekin antolatutako Euskararen Eguna bikaina izan zen, baina biharamun gazia utzi zuen. Motor bat ebatsia, auto bat hartu eta landa batera sartua, itxidurak, artoa eta besteak hondatuz, etxe-atariak zikinduak… Zail da ulertzea festa bati horrelako bukaera eman behar izatea edo festa egiteko halako “ekintzak” egin behar izatea, baina batzuk halaxe egiten dute, besteek egindako lan dotorea zapuztuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun