Bestak 2023

«Saldiasko festetan herri guztia batzen da»

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 21a, 09:00

Sanjuanak ospatuko dituzte Saldiasen asteburu honetan, eta herritarrak prest daude festarako. Honen inguruan mintzatu gara Ainara Otxandorena saldiastarrarekin

Nola definituko zenuke zeure burua?

16 urteko neska alaia naizela esanen nuke.

Zein dira zure zaletasunak?

Trikitixa jotzea, lagunekin egotea, musika entzutea… gustatzen zait gehien.

Zer gustatuko litzaizuke ikastea?

4. DBH bukatzear nago Doneztebeko institutuan, eta etorkizun hurbilera begira, batxilergoa egin behar dut Lekarozen. Gerora begira, Euskal Ikasketak egin nahi ditut.

Herriko festak izanen dituzue laster. Festazalea zara?

Aurtengo festetan ikasbidaian egonen naizen arren, festak iristear daudenean herrian giro berezia sumatzen da eta hori gozatzeko modua izanen dut, beraz horretarako gogotsu nago. Herriko festak asko gustatzen zaizkit, egun horietan herri guztia batzen baikara.

Zein da txikitatik duzun lehen oroitzapena festetan?

5-6 urte nituela, nire pandero txikia hartuta plazara jotzera ateratzen nintzenean, trikitilari eta panderojoleekin batera.

Gaur egun zein dira gehien gustatzen zaizkizun eguna eta jarduera?

San Juan eguna, jarduera gehien duen eguna delako eta familia eta lagun guztiak batzen garelako. Jarduera bat aukeratzekotan, herri bazkarian sortzen den giroa asko gustatzen zait.

Trikitixa jotzen duzu, ezta?

Bai, 9 urte nituenetik jotzen dut trikitixa, hau da, duela 7 urte. 4 urtetatik 8 urtetara pandereta jotzen aritu nintzen.

Herriko festetan jotzen duzu?

Hasieran lagunen afari eta bazkarietan jotzen nuen bakarrik, baina azken urteetan herri bazkarian jotzera animatu naiz. Oso modu ona da herria dantzan jartzeko eta trikitixak edo beste edozein musika tresnak giro polita sortzen du.

Zerk egiten ditu berezi Saldiasko festak?

Herri bakoitzak du bere xarma, baina berezia da Saldiasko festetan herriko eta ondoko herrietako gazteak nola biltzen garen ikustea.

Zure asmoak epe motzera?

4. DBH bukatzea, eta ondoren uda disfrutatzea.

Eta epe luzera?

Ez dut helburu zehatzik, lagunez eta familiaz disfrutatu nahi dut eta ikasketekin jarraitu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun