ARITZ JUANENEA

«Gauzak ongi ateratzen hasten dira gozatzen hasten zaren momentuan»

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 15a, 15:00
Aritz Juanenea pozik, Segurolarekin batera, Sagardoaren txapela jantzi ondotik. Argazkia: Maialen Andres

Aritz Juanenea bigarrena Andiarena, 30 urteko saldiastarra. 2013an debutatu zuen erremontean profesionaletan eta hamar urte beranduago lortu du bere lehen txapela, Sagardoaren txapelketan. Segurolarekin batera lortu du, Bereziartua sagardotegia ordezkatuz. Asteleheneko finalean hiru joko behar izan zituzten Urriza eta Martirena (Alorrenea) menperatzeko.

Lehendik lau finaletara ailegatua baina laurak galduak… azkenean arantza hori kentzea lortu duzu… Kontent?

Bai, lau final banituen, binakakoa bitan eta joan den urtean Sagardoaren txapelketakoa eta Sanferminetakoa, baina txapela ezin lortu. Banuen bat behintzat irabazteko gogoa. Finalera ailegatzea ongi dago, baina beti galtzea ere… Arantzatxo hori kendu dut bai, eta gustura!

Nola joan zen finala… Partida ikusgarria izan zen, harmailak bete-beteak, hirugarren set edo jokoaren beharra… Final haundi baten osagai guziak izan zituen.

Joan den urtean ere jende asko bazen, baina aurtengoan sarrera guztiak salduak ziren, frontoiak kristoren itxura zuen, tentsio horrekin hasi zen partida, hasieran lau pilotariek ez genuen gure maila eman, baina urduritasunak baretu genituenean final ona eskaini genuen. Lehenbiziko jokoa nahiko bideratuz zuten Urrizak eta Martirenak, baina zortzi tanto segidan egin eta lortu genuen buelta ematea. Hori izan zen klabea, bestela 2-0 galduko genuela uste dut. Bigarrena beraiek irabazi zuten eta hirugarrena kale edo bale izaten da, suerteak ere badu zerikusia, eta gure alde erori zen. Emozio handikoa izan zen, nire zale asko joan ziren hemendik eta beraiei ere eskerrak eman, astelehen buruzuri batean horrelako babesa emateagatik.

Finala pixka bat berotu zenuela ere onartu duzu, besteen pilotak motelak zirela aipatuz, baina gero pilota motel horiek ere erabili dituzue…

Material aukeraketan argi neukan ezin zela izan orain arte izan den bezala, joan, pilotak aukeratu eta denak isilik eta konforme. Nahiz eta konforme egon, pixka bat berotu behar zen asuntoa, hori lortu genuen eta finalean beharbada urduriagoak zeuden arerioak: nirekin ez, baina nire aurrelariarekin eta epailearekin berotu ziren zenbait momentutan. Gure estrategia izan zen, gure kartak jokatu genituen eta ongi atera zen

Ez da binakako txapelketa ofiziala, baina Sagardoaren txapelketa honek badu bere xarma berezia ere, ez? Gainera telebistatik partidu guztiak ematen dituzte… Gero eta garrantzitsuagoa da?

Inportanteena buruz burukoa da eta gero binakakoa, baina Sagardoaren txapelketa hirugarren lekuan dago. Telebistan partida guztiak ematen dituzte, enpresak ere inportantzia ematen dio barreneko egitura horretan eta erremontista guztiek irabazi nahi izaten dugu. Indarra hartzen ari da eta jendearentzat ere, buruz burukoa eta gero, oihartzun gehien duena da.

Gainera aurtengoa erdi lesionatua hasi zenuen… Ibilbide zaila izan du lehen txapel honek?

Niretzat hunkigarria izan da. Hasieran jokatu, ez jokatu ibili nintzen. Otsailaren 2an operatu ninduten meniskotik, apirilaren 24an sartu behar nintzen txapelketan eta astebete lehenago deitu nion nagusiri, ez nuela jokatuko esateko, baina berak animatu ninduen eta azkenean, jardunaldiz jardunaldi belauna hobekiago joan zen, jokoa hartzen joan nintzen eta oraindik belauneko minez banago ere, txapela lortzeko balio izan du.

Txapelak badu eskaintza berezirik?

Aitak nire debuta ikusteko aukera izan zuen bakarrik, 2013an hil zen, eta beretzat dudarik gabe. Gero, familia guziari, lagunei… hor daudelako beti eta bereziki, gehien maite dudan Aroari, Sunbillako nire iloba ttikiari eskaintzen diot.

Aurrelari bezala hasi zinen eta orain atzelari… Zure tokia gibeleko kuadroetan hartu duzula iruditzen zaizu?

Joan den urteko Sagardoaren txapelketan hasi nintzen atzelari eta jokatu nituen lau txapelketatik hirutan finalean sartu nintzen. Orain, Sagardoarena irabazi dut eta igandean frontoi laburreko Herriz Herri txapelketako finala jokatuko dut Zumarragan, Josetxo Ezkurrarekin batera, Goikoetxea V.a eta Azpirozen kontra. Beraz, atzelari aritu naizen sei txapelketatik bostetan finalean izan naiz. Atzelari bezala maila ona ematen ari naiz, jokoa lasaiagoa da atzean. Aurreko xaltxa hori ere gustatzen zait, baina ez nuen zestoa ongi manejatzen. Atzetik, denbora gehiago duzunez, uste dut hobekiago moldatzen naizela.

«Joan den urtean atzelari hasi nintzenetik jokatu ditudan sei txapelketatik bostetan lortu dut finalera sartzea»

Zer ezaugarri ditu gaur egungo Juaneneak? Zertan hobetu du profesionaleko urte hauetan?

Erremontea utzita ere ibili nintzen bi urte eta erdi eta 2017an bueltatu nintzen geri. Aldaketarik handiena aurretik atzera pasatu naizela da eta mentalki, beste txip batekin nagoela erremontean, orain gozatzera joaten naiz eta gauzak ongi ateratzen hasten dira gozatzen hasten zaren momentuan. Mentalki beste bat naiz, hori da aldaketarik nagusiena, helduagoa naiz, bizitza pertsonalean ere familiarekin eta nire inguruarekin egonkortasun bat lortu dut.

Aitzinera begira, behin abiatuta… binakako txapelketa ofiziala, buruz burukoa, non ikusten duzun txapela lortzeko aukera gehiago?

Igande honetako Zumarragako finalaren ondotik San Fermin torneoa izanen dugu eta gero buruz burukoa dut begiz joa. Azken hiru urteetan finalerdietan sartu naiz, lau onenen artean. Aurten, egia da fisikoki kili-kolo ailegatuko naizela, baina ahal den guztia prestatzen hasiko naiz eta aurten ere finalerdira edo finalera ailegatuko banintzake, pozik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun