Aritz Juanenea saldiastarrak jantzi du bere lehen txapel handia

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 13a, 10:00
Juanenea eta Segurola txapeldun eta Urriza eta Martirena txapeldunorde, aurtengo Sagardoaren txapelketan.

Segurolarekin batera hiru jokotan gailendu zaio Urriza eta Martirenari Sagardoaren Txapelketaren finalean

Beñat Segurola eta Aritz Juanenea saldiastarra dira Sagardoaren Txapelketako 13. edizioko eta ETBko Erremontari saioko txapeldunak, finalean Javier Urriza eta Ibai Martirena eta hiru jokotan mendean hartuta: 11-15, 15-10 eta 2-5. Juaneneak orain arte jokatutako lau finalak galduak zituen, baina oraingoan arantza ateratzea lortu du.

Partida lehiatua izan zen astelehenekoa, txapelketako bi bikote onenen artean eta jendez gainezka zegoen Galarreta pilotalekuan (1.237 ikusle). Bakar bakarrik Koteto Ezkurraren agurrean sartu omen da jende gehiago. Gorriek behetik goitirako ibilbidea egin dute aurtengo edizioan; final-laurdenetako ligaxka kaskar hasi zuten, baina sailkapeneko lehen postuan bukatu zuten, 12 punturekin, jokatutako bost partidetatik hiru irabazita. Finalerdian, txapelketa osoan indartsu aritu diren Goikoetxea V.a eta Barrenetxea IV.a kanporatu zituzten, bi jokotan.

Segurola eta Juaneneak, berriz, ligaxka bigarren postuan akitu zuten, hauek bortz partidetatik hiru irabazita, baina 11 punturekin. Finalerdietan, Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrak eta Aritz Zubiri goizuetarrak osatutako bikote zaila kanporatu zuten, hiru jokotan.

Aritz Juanenea pilota zaila bueltatu nahian, Sagardoaren txapelketako finalean.

 

Horrenbertzez, finalak ikusmin handia sortu zuen, eta jendetza handia bildu zen Galarretako harmailetan, 1.237 ikusle. Finala ederra izan zen eta guztiak asebete zituen.

Lehen jokoan, gorriek hartu zuten aurrea lehen tantoetan, Urrizaren joko erasokorrari etekina ateraz. Martirenak, artean, ongi babestu du atzeko aldea. Ondorioz, 5 eta 1 aurreratu dira Urriza eta Martirena. Segurolari aunitz kosta zaio partidan sartzea, eta bikote urdinak nabaritu du hori.

Hala ere, Segurolak eta Juaneneak ez dute amore eman, eta 6-5 eta 7-6 hurbildu dira, neurketa berdintzear izan dira, baina gorriek presioari eutsi diote eta 10 eta 7 paratu dira aurretik. Baina hori izan da gorriek joko honetan egin duten azken tantoa. Urdinek 0 eta 8ko partziala egin eta markagailua irauli dute seta 11 eta 15 poltsikoratzeko.

Bigarren jokoa ongi bideratu dute Urrizak eta Martirenak, aurkariek lehenengoan egindako ahaleginak hustuta utzi dituela ikusita. Jokoa irabazi behar zuten finala berdintzeko eta 15-10 irabazi dute.

 

Hirugarren joko erabakigarria

Finala hirugarren jokoan erabaki da, bortz tantora, txapelketa osoan egin bezala. Urdinek gogor hasi dute eta 1 eta 3 aurreratu dira, txapela erdia buruan izan dute alde horrekin. Eta ez dute galdu, azkenean 2 eta 5 nagusitu baitira joko erabakigarrian.

Ondorioz, Beñat Segurola eta Aritz Juanenea dira Sagardoaren Txapelketako 13. edizioko irabazleak.

Txapelketako jokalaririk onenaren saria Javi Urriza iruindarrari eman diote.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun