Inauteriak 2023

«Ea gure adineko jende gehiago animatzen den inauterietan»

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 15a, 11:00

Patxi APEZETXEA APEZETXEA, inauterizalea

35 urte daramatza Patxi Apezetxea Apezetxeak Donezteben, bizi erdia baino gehiago. Hasieran «estudioengatik» utzi zuen sorterria, gero «lanarengatik», eta gaur egun bere emaztea dena ezagutu zuenean Donezteben segitu zuen bizitzen. Hantxe osatua du bere kabia, eta «dudarik gabe, doneztebarra» sentitzen dela aitortu du. Hala ere, ezin aipatu gabe utzi sorterria, berarekin solasean hasi orduko agerikoa baita sortzez goizuetarra dela. 

«Langilea, lagunen laguna eta festazalea» da Apezetxea, eta bereziki inauteriak maite ditu. «Herriko festak ederrak dira, baina inauteriak hobeak direla esanen nuke, nahiz eta niretzat egun bat izan». Aurtengo Doneztebeko inauteriei begira ere hasia da eta segur aski larunbateko desfilerako karroza izanen du begiz joa. Hori baitu «inauterietatik gustukoena. Desfilean giro polita izaten da eta niretzat hori da egunik politena; larunbatean parranda txiki bat egin eta astelehenean lanera».

Ilusioz hartzen ditu urtero inauteriak eta ilusioz aritzen da karroza prestatzen: «Hilabete bat lehenagotik hasten gara. Oker-okerrena zer egin erabakitzea izaten da». Gaineratu duenez, «karroza egiterakoan hiru lagun biltzen gara, baina gero 25 bat izaten gara. Lehen, umeekin ateratzen ginenean, gehiago biltzen ginen, kristoren kuadrilla. Gero umeak beraiek hasi ziren eta gu gelditu gara». 

Karrozaren egitura egiteko «hiru lagun nahikoak» direla dio: «Lanetik etorri eta gauez aritzen gara, egunaren arabera ordu pare batez edo hiruz. Jendea laguntzeko prest izaten da, baina zenbat eta jende gutxiago orduan eta nahiago, tertulia gutxiago egiten dugu eta gehiago aurreratzen dugu». Hala ere, «beste lanak» izaten direla azpimarratu du; «arropak, adibidez. Eta batzuetan margotzeko eta dekoratzeko jendeari etortzeko esaten diogu». 

Baporezko trena gogoan

Ez ditu ahaztuak urteotan egindako karrozak: «Familia izan genuenean segitzea erabaki genuen, umeak gurekin etortzeko, eta haiekin egin genuen lehenbizikoa bikingoen barkua izan zen». Geroztik «lan asko» eginda, karroza dotoreak atera dituzte, eta horien artean «baporezko trena» gogoan gelditua du: «Txispasek erlojuarekin eta trenak kea eta guzi ateratzeko kristoren lana egin zuen. Umeak beraien maletekin atera ziren. Oso polita izan zen». Karroza hark herritik kanpo ere ikusmina piztu zuen: «Tolosako inauterietara eraman nahi izan zuten, baina haundiegia zela eta, ezin izan zuten».

Aurtengo karrozarekin ere ari dira, baina zer izanen den ez du argitu; «nahiago dut sorpresa izatea». Ikusi nahi duenak larunbat honetan, otsailaren 18an, izanen du aukera. Han izanen da Apezetxea tartean, lehenagotik lagunartean «presaka» bazkaldu eta 16:00etan desfilerako prest. «Gero 18:00-19:00 aldera karroza utzi eta pintxo batzuk janez parrandan segituko dugu». Eta beraiekin bat egin nahi duenak ateak zabalik izanen ditu: «Ematen du inauteriak gazteentzat bakarrik direla, ba ez. Gure taldera edozein etortzen ahal da. Azken batean dantza pixka bat egiteko eta barre egiteko biltzen gara, eta ea gure adineko jende gehiago animatzen den, inauteriak ederrak dira eta». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun